Udako unetxoak

"Ezingo nuke udarako momentu bat bakarrik aukeratu"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko abuztuaren 1a

Iñaki Lopez Aguado altsasuarra festetan. UTZITAKOA

Besteak beste, San Juan gaua, San Pedro eta udako zinema egunak gogoan ditu Iñaki Lopez Aguado altsasuarrak.

"Ezingo nuke udarako momentu bat bakarrik aukeratu". Urteekin aldatuz joan direla esan du Iñaki Lopez Aguado altsasuarrak: "Baina baditut batzuk urteak pasata ere gogoratzen ditudanak". Altsasun bizitutako udako unetxo horiek kontatu ditu.

"San Joan bezperako momentu horrek udari hasiera ematen zion"

"Txikitan, 9 edo 10 urte nituenean, uda iristeko irrikan nengoela gogoratzen naiz, eskola bukatzen baitzen, eta horrekin batera San Joan ospatzen genuen". San Joan gaua prestatzeko lagunak "sastrakak" hartzera joaten ziren, "batzuetan baso itxira, beste batzuetan bigarren zubira, baina beti aurkitzen genituen adaskak, zuhaitz enbor zatiak edo adar handiak". Jasotakoarekin "sekulako sutea" prestatzen zuten San Joan bezperako. "Momentu hori zen niretako udari hasiera ematen ziona".

Izozkiak

"Pantailaren aurrean guztiak geunden adi-adi zer gertatuko zen esperoan"

Urteak pasata, Iñakik gogoan dauzka bai Foru plazan bai "Zuman" (Zumalakarregi plazan) udako zinema jartzen zutela, "eta gau horretako pelikula ikusten genuen, izozkiak edo txutxeak jaten". Izozkiarena "grabatuta" dauka: "Las Vegas tabernan erosten nituelako amonak emandako pagarekin. Zinema Zumalakarregi plazan zenean, "izozkia Akelarre tabernan erosten nuen". Altsasuarrak gogoeta egin du: "Gaur egungo haurrek eta gazteek teknologiei esker pelikulak eskura dauzkate eta edonon ikus ditzakete. Garai hartan ez ziren spoilerrak existitzen, eta pantaila aurrean guztiak geunden adi-adi protagonistei zer gertatuko zitzaien esperoan".

"Maite nuen eta maite dudan beste udako eguna San Pedro eguna da". Herri inauteriarekin batera Altsasuko egunik "gogokoena" dela gaineratu du Iñakik. "Lehen oroitzapenak gurasoekin eta nire arrebarekin batera dira, eta beraien kuadrillako beste seme-alabekin batera ospatzen genuen eguna". Urteak pasata orain "nire lagunen seme-alabekin" ospatzen ditu sanpedroak, "kar kar kar".

Aisiz Blai

"Azken urteetan oroitzapenek lanarekin zerikusia dute: Aisiz Blai"

Azken urteetan, hamar bat, udako oroitzapenek lanarekin zerikusia dute: "Aisialdian lan egiten baitut, Altsasuko Udaleko Aisiz Blai (lehen Udan Euskaraz zena) programan, hain zuzen ere". Familia kontziliaziorako ezinbesteko lana. Iñakik azaldu duenez, haurrak haien udak "ahalik eta hobekien pasa dezaten" saiatzen dira, "urtero ekintza eta jarduera ezberdinak eskaintzen, azkenekoa izango balitz bezala goza dezaten". Iñakik begiraleen lana nabarmendu du: "Programa ezingo zen aurrera eraman begiralerik gabe, beraien lana ezinbestekoa da lan hau aurrera eramateko". Begiraleek ere programan pasatako udak modu berezian gogoratuko dituzte. Iñakirendako udako onena, beraz, "haur guztiak disfrutatzen ikustea da, eta beraien familiak zerbitzuarekin pozik daudela jakitea".

Bero handia egiten duenean eta euria egiten dueneko usain hori datorkio burura udan pentsatzean. Bestetik, altsasuarrarendako uda piszinako urdin eta larretako berde kolorekoa da.