Sakana Harrera Haranak Palestinaren aldeko kontzentrazioa deitu du Altsasun

Guaixe 2025eko uztailaren 31

San Pedro egunean, zortzikoaren aurretik, palestinarrek dantzatu zuten.

Abuztuaren 3an, igandea, 'Gazan oporrik ez. Palestina Askatu. Israeli Boikot' lelopean elkarretaratzea eginen dute. Altsasuko San Pedro ospakizunetan dantzatu zuen palestinar baten anaia erahil dutela jakinazari dute. 

Palestinan jasaten ari den egoera larriaren aurrean Sakana Harrera Haranak kontzentrazioa deitu du abuztuaren 3an, igandea, 13:00, Altsasuko udaletxearen aurrea Gazan oporrik ez. Palestina Askatu. Israeli Boikot lelopean: "Ez ditzagun bakarrik utzi, Palestinan gertatzen dena guztioi dagokigulako. Palestina askatu, Israeli boikot" Ez da Palestinaren alde Altsasun eginen den elkarretaratze bakarra, izan ere, uztailaren 31n, osteguna, 11:00etan, Altsasuko osasun etxearen aurrean, Boikot Tevari ez dezagun genozidioa finantziatu elkarretaratzea deitu du NASAFek. Bestetik, Etxarri  Aranazko festetan ere mobiliazazio berezia eginen dute, abuztuaren 5ean, astearta, 21:00etan, Etxarri Palestina Elkartasun taldeak deituta. 

Genozidioa
Sakana Harrera Haranak salatu du, Mundu zibilizatuak beste leku batean gertatzen denaz ia arduratu gabe oporrak gozatzen dituen bitartean, Palestinan Israelgo sionismoaren genozidioak jarraitzen duela. Gertatzen ari den basakeria gogora salatu dute: "Badirudi esaten den guztia labur geratzen dela armada sionistaren sarraski suntsitzaileari buruz, hitzik gabe geratzen gera. Egunero prentsan edo telebistan ikusten duguna atzo ikusitakoa baino beldurgarriagoa ezin dela izan iruditzen zaigunean, Israelek urrats bat gehiago ematen du eta gerrari buruz duen ideia noraino iritsi daitekeen erakusten digu". Halaber, "estatu sionista bere borreroa izan zenaren mailan jarri da: Nazismoa". Testuinguru horretan kokatu dituzte palestinarrak, eskaintzen dieten janari apurrak biltzera joaten direnean, erahiltzen dituzten irudiak. "Tirapitxon bat balitz bezala". 

Eraso armatua gutxi ez balitz, Israelek gosea gerra arma gisa erabiltzea deitoratu du Sakana Harrera Haranak. "Nazismo garaian herri juduari hainbeste zorigaitz ekarri zizkion gerra arma gisa gosearen erabilera, gaur egun, Gazako herri palestinarraren aurka ere erabiltzen dute, gobernuen eta Europar Batasuna bezalako erakundeen begirada konplizearen aurrean". Ildo honetan, Europak, Nazio Batuen Erakundeak eta herri arabiar gehienek duten jarrera gaitzetsi dute, "herri palestinarraren desagerpenean laguntzen ari dira. Erresistentzia palestinarragatik ez balitz, ez litzateke ezer geratuko inperialismo yankiaren eta ekialde hurbileko bere txotxongilo sionistaren aurka borrokatzen duen herri honetatik". 

Bestalde, Altsasuko San Pedro eguneko ospakizunetan dantzatu zutenetako baten anaia erahil dutela  jakinarazi dute. "Khan Yunisen zegoen beste anai batekin, elikagai laguntzaren esperoan, erahil dutenean" azaldu du haren senitartekoak, saminduta.