Pilota

Mastersa: Ezkurdia-Iztuetaren aukera, Altsasun

Guaixe 2025eko abuztuaren 1a

Ezkurdia eta Rezusta arerioak izango dira Altsasun.

Jakak eta Zabaletak CaixaBank Masterseko lehen puntua lortu dute, Artola eta Martija mendean hartuta. Hirugarren jardunaldia dago jokoan.

CaixaBank Masterseko bigarren jardunaldia uztailaren 31n despeditu zen, Jaka-Zabaletak eta Artola-Martijak Zarauzko Aritzbatalden jokatutako partidarekin. Bi bikoteak lehen jardunaldian euren partidak galtzetik zetozen, eta garrantzitsua zen jokoan zegoen puntua. Azkenean puxtarria Jakarendako eta Zabaletarendako izan zen, 22-16 hartu baitzituzten mendean Artola eta Martija. Lehen zatian bi bikoak parez-pare aritu ziren, baina 10-8tik aurrera Jaka eta Zabaleta gailendu ziren. Erik Jaka izan zen protagonista nagusia, gorrien tantoen erdiak berak egin zituelako. Oso fin aritu zen, eta Zabaletaren jotzeak lagunduta, garaipen sendoa lortu zuten. 

Zabala-Mariezkurrena II.ak eta Altuna III.a-Imazek bi puntu dituzte, Jaka-Zabaletak eta Ezkurdia Iztuetak puntu bana, eta Larrazabal-Rezustak, Elordi-Albisuk eta Artola-Martijak ez dute punturik.

Abuztuaren 1ean, Burundan
Gaur, abuztuak 1, Masterseko hirugarren jardunaldia jarriko da abian. Ezkurdiak eta Iztuetak Larrazabal eta Rezusta izango dituzte aurkari Altsasuko Burunda pilotalekuan 21:15ean hasiko den jaialdian. Bi bikoteendako ezinbestekoa da jokoan dagoen puntua, eta lehia estua espero da. Ezkurdia-Iztuetak lehen jardunaldian garaipen itzela lortu zuten Artola-Martijaren kontra (22-14), baina bigarrenean gaizki aritu ziren Peio Etxeberriaren eta Mariezkurrenaren kontra, 4-22 galduta. Beraz, buelta eman nahi diote. Larrazabalek eta Rezustak, aldiz, lehen garaipena lortu nahi dute. 

Partida nagusiaren aurretik, Masterseko B Serieko partida jokatuko dute Zubizarreta III.a-Bikuñak eta Senar-Tolosak. 

Masterseko beste bi partidei dagokienez, abuztuaren 2an Artola-Martijak Altuna III.a-Imaz izango dituzte aurkari, Donostiako Atano III.ean, eta abuztuaren 3an Jakak eta Zabaletak Elordiren eta Albisuren kontra jokatuko dute, Labastidan.