Kaleak berritzeko lanak eginen dira aurten ere

Guaixe 2025eko irailaren 5a

Zelai kalea. ARTXIBOA

Zortzi kale edo tokitan eginen dira obrak. 

Altsasuko Udalak 304.001,19 euro (BEZik gabe) bideratu ditu herriko zenbait kaleetako zorua berritzeko. Obra bere esku hartu nahi duen enpresak irailaren 15eko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Egitekoa eskuratzen duenak 90 egun izanen ditu kontratuan jasotako lanak egiteko. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, lanak aurten hasi eta heldu den urteko lehen lau hilekoan bukatuko dira. 

Aurreikusitako lanen artean dago Zelai txiki kalekoa. Zelandi eskolako sarrera parean dagoen oinezkoendako pasabide goratua kendu eta berria eginen da. Haren alde banatan euri urak jasotzeko estoldak jarriko ditu udalak. Lanak eginda, pasabidea gorriz eta txuriz margotuko da.

Bestetik, Zelandi kalean, osasun etxe pareko espaloiak berrituko ditu udalak. Horretarako, 400 metro karratutan dagoen egungo baldosak kendu porlanezko galtzadarriz ordezkatuko ditu. Aldameneko kaleetan antzeko lanak egin izan ditu udalak aurretik. Gainera, espaloiei 180 cm-ko zabalera emanen die. 

Zelai eta Ermita kaleetan, berriz, euri urak jasotzerakoan arazoak atzeman ditu udalak. Horrek ura biltzea eta eraikin barruetara sartzea dakar. Esku hartzeetako bat Zelai kalean izanen da, Zelai txiki kaleko bidegurutzea baino lehen dagoen zebrabide goratu baten ondoan. Han euri urka jasotzeko erretena jarriko dute. Ermitan kalean zorua jaso eta euri ura jasotzeko erretena jarri eta hura saneamendu sarearekin lotuko dute. 

Horretaz aparte, San Joan kalearen zati bat asfaltatu eginen da. Altzania eta Burunda kaleen arteko tartean berrituko du zola udalak, 1.300 metro karratutan. Aldi berean, Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzearen ondoan, ONCEko kioskoaren inguruan dagoen belardi sareta kendu eta baldosa jarriko da. 

Bestetik, San Pedrobide kaleari dagokionez, urbanizazioa birmoldatu eginen da. Espaloiak zabaldu eta asfaltoa berrituko dute.

Iortia plazara daramaten Solana kaleko espaloiak hondatuta daude eta berrituko dira 475 metro karratuko azaleran. Kasu horretan udalak dagoen porlana beste batekin aldatuko du.

Azkenik, Ameztiako errepiderako sarbidean, ubeldearen ezkerraldean, gerrietua izanda eta babes hesiak behera egin du. Errepideko babes hesiari ongi eusteko harri lubeta eginen du udalak.