Mila Kolorek piztuko du festen hasierako etxajua

Guaixe 2025eko irailaren 4a

Mila Kolore elkarteko eta Haize Berriak bandako kideak. ARTXIBOA

Elkarteak "aniztasun funtzionala duten pertsonak gizartearen parte senti daitezen egiten duen ekarpena" goretsi eta txalotu nahi da horrela.

Altsasuko festen hasiera iragartzen duen etxajua irailaren 12ko 12:00etan lehertuko da. Hura pizteko ardura Geroa Baik Mila Kolore elkartearen esku utzi du, halako "aitorpena merezi duelako". Koaliziotik azpimarratu dutenez, "gaur egun Mila Kolore erreferentziazko elkartea da Altsasun eta Sakanan, dibertsitate funtzionala duten pertsonak integratzeko bidean eta, azken finean, pertsona horien eta haien familien zoriontasuna bilatzeko bidean".

Alkatetza duen taldetik adierazi dutenez, "festa beti da gure nortasun kolektiboa aldarrikatzeko eta sustraiak bizirik dituen gizarte anitz bateko kide izateaz harro sentitzeko aukera paregabea. Festa gure sustraiak indartzeko tresna gisa, eta festa ere kolektiboa gero eta indibidualistagoa den mundu eta gizarte batean lekua egiteko tresna gisa. Gizarte honetan pertsona bakoitzak bere bidea egiten du eta nekez gurutzatzen diren bide paraleloak besterik ez ditugu ikusten".

Ondorioz, "Mila Kolore-k aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarte horren parte senti daitezen egiten duen ekarpena ezinbestekoa eta goresgarria da, eta beti merezi du aintzatetsia eta txalotua izatea. Izan ere, gure gizartea ezaugarri eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonek osatzen dute, mila kolorezko amalgama bat osatuz", azaldu dute Geroa Baiko kideek.

Elkarteaz
Mila Kolore ibarreko guraso talde batek sortu zuten 2009an. Sakanan aniztasun funtzionala duten pertsonak batzen ditu. Geroa Baik gogoratu duenez, "garai hartan ez zegoen pertsona horiei eskainitako zerbitzurik. Beraz, elkarte horri esker dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean gozatzeko eta beren familien egunerokotasuna errazteko aukera eman zen. Era berean, Mila Kolorek pertsona horiek gure gizartean ikus daitezen eta gizartean parte senti daitezen lagundu du", azpimarratu du koalizioak.

Geroa Baik nabarmendu du Altsasuko Udala elkartearekin elkarlanean ari dela. Ludoteka eta gaztetxokoa dagoen Intxostiapunta udal eraikinean elkarteak lokala erabiltzen duela gogorarazi du. "Era horretan, Mila Kolore osatzen duten pertsonak, horietako asko gazteak, udal zerbitzu horietan ere partaide senti daitezen laguntzen da". Koaliziotik gaineratu dutenez, "elkartearen eta udal zerbitzu horien eta elkartearen artean koordinazioa badago. Horren adibide da dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako Gazteria Zerbitzuak antolatzen duen Gu geu gazte programa".