Zerbitzu berria Altsasuko kanpo santuan

Guaixe 2025eko irailaren 9a

Eraikitako zinerarioa.

Altsasuko Udalak 48 espazio dituen zinerarioa eraiki du bertan errauts kutxak gordetzeko. Bestalde hezurtegi berria egin du. Aldi berean, udal hilerria arautzen duen ordenantza berritu egin du.

Altsasuko Udalak hilerrian lanak egin ditu kanpo santuan. Batetik, erraustutako gorpuen errauts kutxak gordetzeko zinerarioa eraiki da. Gorpuen arrastoak dituzten poltsak gordetzeko ere balioko du. Otadiko Kristo Deuna ermitaren absidearen iparraldean eraiki da eta 48 plaza ditu. Javier Ollo Martinez alkateak argudiatu zuenez, zinerarioa eraiki beharra zegoen "gorpuei lur eman beharrean, gero eta gehiago errausten baitira". Bestetik, errautsak hartzeko hezurtegi berria eraiki du udalak. Horren ondorioz, egungo hezurtegia behin betiko itxiko da. Azkenik, hilerriaren ezkerreko eta atzeko pareta berritu dira ere. Lanak Cemenderna enpresak egin ditu 34.807 euroren truke. 

Horma hobien kontzesioa 10 urterako da Altsasun. Epea bukatzean senideek erabaki behar dute kontzesioa berrituko duten edo ez. Berritzen badute, gehienez ere, 30 urterako izanen da. Gorpua ateratzea erabakitzen duten senideek harekin zer egin erabaki behar dute. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, aukeretako bat da "familiako beste kide bat dagoen horma hobi batean sartzea hura erabili daitekeen epearen barruan. Bestela, panteoi batean sartu daiteke, edo kolunbario batean gorde". Alkateak azaldu duenez, "orain arte hezurrak nitxo batetik ateratzen zirenean, senideek bazuten ezer erabakitzen, hezurrak hezurtegi batean uzten ziren. Ordenantza berriarekin hori bukatu da, hezurtegia itxi baita. Orain ateratako hezur horiek erreko dira, udalak bere gain hartuko du kostua, eta eraiki den espazioan berrian utziko dira errautsak".