Altsasuko festetan pilotak toki garrantzitsua du, eta afizionatuen mailako Otadiko Kristo Deuna Torneoak zer esanik ez. Altsasu Kirol Elkartea hasi zen torneoa antolatzen, gero elkarlanean antolatu zuten Pilotajaukurekin, azken urteetan Pilotajaukuk ardura hartu arte. Urte hauetan guztietan Pablo Lopez de Goikoetxeak mimo handiz prestatutako Altsasuko txapelketatik pilotari amateur onenak pasa izan dira, asko profesional izatera heldu izan direnak. Gainera, Pilotajaukuko pilotariendako erakusleiho ederra da, eurek zabaltzen dituztelako jaialdiak. Aurten 54. edizioa zen egitekoa, bi finalerdi eta irailaren 13ko final handia, baina pena handiz, ez da jokatuko.
Nafarroako Gobernuak eta Altsasuko Udalak emandako dirulaguntzei esker antolatzen du txapelketa Pilotajaukuk. "Aurten, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren deialdia aurreratu egin da, eta klubarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, ez genuen aurrerapen horren berri izan; beraz, aurkezteko epea igaro da" azaldu du Pilotajaukuk. Beraz, ekarpen ekonomiko hori gabe geratu da kluba. Pilotajaukutik Altsasuko alkate Javier Ollorekin hitz egin zutela azaldu dute (ikus Iritzia atalean Imanol Carabias lehendakariaren gutuna). Gertatutakoa alkateari azaldu, eta Altsasuko Udalak txapelketaren 54. edizioa ordaintzea izan zen klubaren eskakizuna. Kostua 4.500 eurokoa da, "baina Udalak gehienez 2.100 euro eman zitzakeela izan zen erantzuna, urtero ematen duena. Horrek ez du gastua ordaintzeko ematen".
Alkatearen azalpenak
Altsasuko Udalak urtero dirulaguntza deialdiak ateratzen ditu kirol klubendako, euren ohiko jardueratan laguntzeaz gain, kirol ekitaldietarako eta festetarako antolatzen diren kirol ekimenetarako. "Eskariak begiratzen, Pilotajaukuk ez zuela Otadiko pilota torneorako dirulaguntzarik eskatu konturatu ginen. Pablo Lopez txapelketa prestatzen ari zen, pilotariak lotzen eta partidak antolatzen, eta festetako programako zirriborroan ere torneoa jasoa genuen. Pilotajaukukoei deitu nien, zergatiaz galdetzeko, eta Nafarroako Gobernuko deialdiarekin gertatutakoa azaldu zidaten; deialdia aurreratu zela, laguntzarik gabe geratu zirela, eta horregatik ez zutela Altsasuko dirulaguntza deialdian eskaera egin" azaldu du Javier Ollo alkateak.
Otadiko Kristo Deuna Torneoaren garrantziarengatik, "txapelketa historikoa eta prestigiotsua baita", Altsasuko Udalak Pilotajaukuri hitzarmen baten bidez dirulaguntza zuzena ematea proposatu ziola gaineratu du Ollok, "guztiz ez ohikoa den zerbait, eta gainontzeko kirol klubendako bidegabekeria konparatiboa izan daitekeena, eurek bere eskaria eskatutako epean egin zutelako eta Pilotajukuk ez zuelako eskaerarik egin. Dirulaguntza zuzen hori joan zen urtean Pilotajaukuk Otadiko txapelketagatik deialdian jaso zuena litzateke, 2.090,43 euro. Ezin zen gehiago eman, beste klubendako agrabioa litzatekeelako" dio alkateak. Aurrekontua ixteko geratzen zen mila eurotik gorako kantitatea "kolaborazio, publizitate edo bestelako saiakeren bidez ezin ahal den lortu" galdetu du alkateak.
Adostasunik gabe, txapelketa ez da jokatuko. "Pena handia dut, alkate eta pilotazale gisa" aitortu du Ollok. "Egia da egungo torneoa ez dela orain dela 25 urtekoa, lehen frontoia betetzen zelako, baina txapelketa berezia da, historikoa; pilotari handiak pasatu dira bertatik. Prestigioa du eta pena da, guztia antolatuta zegoelako. Aurten ez da posible izan, baina hurrengo urtean torneoa bueltatzea espero dugu".