Astekaria

"'3 Elementu' ikuskizunean ikusleek magia sentituko dute"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko irailaren 9a

Odei Domingo, Hodei Magoa, Magia Sariarekin. UTZITAKOA

Hodei Magoak irailaren 2tik 5era '3 Elementu' magia ikuskizun "inmersiboa" mustu zuen Gaiarre Antzokian. Uztailean 2025eko Magia Saria irabazi zuen. 

Uztailean Espainiako XL. Magia Kongresu Nazionala izan zen Terrassan, eta bertan Hodei Magoa bezala ezaguna den Odei Domingo mago altsasuarra izan zen. Sari bat irabazi zuen: 2025eko Magia Orokorreko hirugarren saria. Saria ospatzeko modu hoberena 3 Elementu bere azken ikuskizunaren mustutzea izan da; Iruñeko Gaiarren Antzokian irailaren 2an estreinatu zuen, eta irailaren 5era egunero izan zen, arrakasta handiarekin. Publikoaren erantzuna "sari garrantzitsuena" dela esan du. 

Magia Orokorreko Saria irabazi duzu. Zer da magia orokorra? 
Musikan estilo asko ezagutzen ditugu, eta magian ere diziplina asko daude: badago kartomagia, hurbileko magia, mentalismoa... Magia orokorra da pixka bat horiek guztiak uztartzen dituena eta eszenatoki batean biltzen dituena. Publikoak esan dezake denetarik ikusi duela. Niretako dibertigarriagoa da, eta publikoak ere nahasketa moduko bat ikuste du eta gustatzen zaiola uste dut. 

Zer suposatzen du zuretako sariak? 
Hamaika urteko ibilbide profesionalaren ondoren sektoreak horrelako errekonozimendu bat ematea polita da. Artistok orduak eta orduak ematen ditugu gauzak sortzen, eta noizbehinka horrelako gozokitxoak ematea ondo dago, esateko: Aizu! Ondo zoaz! Jarrai ezazu. 

Magia Kongresu batean jaso zenuen errekonozimendua. Nolakoak dira magia kongresuak? 
Edozein diziplinako kongresu modukoak. Medizina eta abarren kongresuak izaten dira; antzekoak. Hainbat profesional biltzen gara, baita afizionatuak ere. Munduko toki desberdinetatik etorritako ilusionisten hitzaldiak izaten dira, eta nobedadeak ezagutarazten dira, komentatzen dira, eta magia sortzen dutenen working progress-ak erakusten dituzte ere. Diziplina nola eraldatzen ari den toki bat da. 

Gauza berriak egiten ari dira magiaren munduan? 
Askotan jendeak oraindik magoaren irudia kapelarekin, kaparekin eta untxiarekin dela uste du; zortez horrelakoak atzean gelditzen ari dira eta mago asko daude gauza berriak egiten. Gaur egun arraroa da untxi bat ikustea; oraindik izango dira, baina nik zortez aspaldi ez ditut ikusi. Geroz eta gehiago smartphoneak eta abar ikusiko ditugu oholtzan; gizartea aldatzen joaten den erritmora magia eraldatzen da.  

Mundu honetan hasi zinenean horrelako sari bat irabaztea espero zenuen? 
Ez, ezta duela urte bat ere. Inoiz ez dut planteatu horrelako gauzak jasotzea edo merezi dudanik ere. Duela urte bat ideia bat sortu genuen horrelako sari batean aukerak izan zitekeena. Orduan, probatzea pentsatu genuen, eta saria ez badugu lortzen ere, azkenean saria ez delako helburua, behintzat ideia aurrera eramaten genuen. Ideia handia eta berritzailea genuen, eta azkenean biak lortu ditugu. 

Zure ikuskizunak arrakastatsuak izaten dira. Hori ere saria bada, ezta? 

"Sari garrantzitsuena jendea etortzea da; hori da egunerokotasuna"

Hori da saririk garrantzitsuena. Hori da egunerokotasuna, errealitatea. Sarrerak agortzea edo plazan jendea hurbiltzea eta betetzea eta publiko hori pozik ateratzea gero etorkizunean errepikatu nahi izateko. Hodei Magoa beste nonbait ikusten dutenean berriz ikustera etortzeko. Aldi berean, magiarako ikusleak sortzen dira; beste mago bat ikusteko aukera badute, joango dira. 

Zertan nabarmentzen zara? Zertan da Odei Magoa berezia? 

"Hainbat diziplina uztartzen dituen ikuskizunak ematen ditut, betiere umorearekin"

Publikoak esaten dituen gauzak hartu behar ditut, izan ere, norbera nabarmentzen saiatzen dena eta publikoak nabarmentzen duena oso desberdinak direlako. Nik uste desberdintzen dutela hainbat diziplina  uztartzen dituen ikuskizunak ematen ditudala; klownetik gauzatxoak ditu, showman modukoak, beti landutako umorearekin bai helduek bai haurrek disfrutatzen dutena. Familiartean kalitatezko denbora pasatzea eskaintzen dut. Askok ematen duten titularra izan daiteke, baina ez dakit zergatik nik publikoan ondo funtzionatzen dut. Komunikatzaile ona naizela esaten dute, eta horrekin jolasten dugu. Ikuskizunean trukoa ez da garrantzitsuena, mezu bat edo zerbait gehiago kontatzeko bidea da. 

IKUSKIZUN BERRIA
Lan berria aurkeztu berri duzu. Zer moduz? 
Ia urte bateko prozesua izan da eta gogoa nuen publikoaren aurrean jartzeko eta erantzunak jasotzeko. Estreinaldia lehenengo helmuga da, ez da hemen bukatzen. Beste etapa bat gelditzen da. 

Zer da '3 Elementu'? 
Publikoari begiratzen badiogu badago adin tarte bat desagertzen dena, 12 edo 13 urte bitarteko tarte hori, eta gero 28 edo 29 urterekin bueltatzen dira; beti orokorrean hitz eginda, salbuespenak badira. Orduan, publiko hori gakoa izanen da ikuskizun honetan, baita publiko orokorrarendako, kulturan sartuta dagoena, zerbait berezia eman behar dugula uste dugu ere. Antzerkian formatu berriak daude, baina magian ez hainbeste. Orduan, 3 Elementu esperientzia inmersibo bat da, non publikoak ez du bakarrik magia ikusiko, modu ez inbasibo batean sentituko du; hau da, norbaitek ez badu parte hartu lasai ibil daiteke ere. Xelebrekeria da publikoak 360 gradotan inguratzen duela eszenatokia.