Festen aurreko domeka baliatu zuen Altsasuko Udalak bere bi buruhandi berriak aurkezteko: txistularia eta astoa. Aurreneko buruhandia herriko festak alaitzen dituzten musikariak omentzen ditu eta haiek bezala jantzita dago. Bigarrena, berriz, Santa Ageda ospakizunean kintoek biltzen duten dirua zakutoetan eramaten duen animalia irudikatzen du. Astoak Iruñeko zaldikoaren itxura du.
Erraldoi konpartsa lekuko zela, jendaurreko aurkezpenean Burundar Txistularien doinuak entzun ziren, eta aire horiek dantzatzeko baliatu zituzten. Gainera, Jauzi Taldekoek zortzikoa dantzatu zuten. Ondoren, Foru plazaraino kalejira egin zuten.
Altsasuko Udalak 7.000 euro bideratu ditu bi erraldoiak erostera. Udalaren asmoa da heldu den urtean beste hiru buruhandi erostea, hirurak ere ihotearekin zerikusia izanen dutenak.