Ur sarea berritzeko lanak martxa onean

Guaixe 2025eko irailaren 17a

Ur sarea berritzeko lanak Txunkai auzoan.

Festen ondoren beste ur mozketa bat eginen dela aurreratu du Altsasuko Udalak

Ameztiko ur biltegitik San Joan kaleraino ur sarea berritzeko lanak lastailaren 9rako despedituta egon behar dute. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "sare zaharraren ondoan hodi berria dago eta, dagoeneko, biltegiaren eta Txunkaiko biribilgunearen arteko zatia martxan dago. Sare zaharretik berrira pasatzeko egin zen agorrilaren 28ko ur mozketa. Orain biribilgunetik San Joan kalera arteko hodia martxan jarri behar da. Horretarako beste ur mozketa orokor bat egin behar da". Hori festen ondoren izanen dela azaldu du alkateak. 

Udalak, bestalde, hainbat lan eginen ditu. Batetik, Zelandi eskolako ate nagusia aldatuko du aurki. Horretarako, 12.000 euro bideratu ditu. Eskolan bertan pedagogia parkea diseinatzeko eta jartzeko kontratua emateko deialdia egin du. Heldu den apirilerako jarrita beharko luke. Aldamenean dagoen Zelandi frontoiko sabaia konpontzeko lanak hasita daude. Horietara udalak 65.182,70 euro (BEZ barne) bideratu ditu. Alkateak gaineratu duenez, Egubera, Lapurbide, San Pedroko Bidea eta Beheko Benta kaleetan argiteria publikoko puntu berriak jarriko dira. Udalak 24.6622 euro (BEZik gabe) jarriko ditu horretarako. 


Ondarrian industrialdean espaloia berritzeko lanak. 

Bestetik, Ondarria industrialdeko zoladura konpontzeko lanak despeditu dira. Lau urtetan egindako lanetan industrialde guztiko asfaltoa eta espaloiak berritu dira. Aurten A kaleko ezkerreko espaloia eta B kalean 870 m2-tan asfaltoa konpondu eta espaloiak berritu ditu Xcava Obras y Servicios SM enpresk. Bide batez espaloietan erreserbako kanalizazio linea jarri da, sareak zabaldu ahal izateko. Asfaltatze lanak egin dituen Excavaciones y Transportes Orsa SM enpresa Mendizabalazpi eta Gurdilatz bideak asfaltatzen aridu da. Lanek 127.735,90 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan dute.