"Poz eta kolorez blaitu nahi ditugu festak"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 12a

Mila Koloreko kuadrilla egindako irteera batean. UTZITAKOA

Altsasuko festei hasiera eman dion etxajua Mila Kolore elkartekoek piztuko dute. Leire Vilariño eta Irantzu Gonzalez Mila Koloreko boluntarioak dira. 

Aitortza hori merezi dutela uste du Geroa Baik, gonbidapena egin dien udal taldeak: "erreferentziazko elkartea da Altsasun eta Sakanan, dibertsitate funtzionala duten pertsonak integratzeko eta pertsona horien eta haien familien zoriontasuna bilatzeko".


Leire Vilariño Arbizu eta Irantzu Gonzalez Azpiroz, elkarteko boluntarioak. 

Zer sentitu zenuten festei hasiera eman behar zeniotela jakiterakoan? 
Irantzu. Albistea nire urtebetetze egunean jaso nuen. Mila Kolorek festen hasierako txupinazoa piztea opari oso handia da. Gu familia handi bat gara. Luze daramagu elkarrekin, kuadrilla gara. Dena ospatzen dugu festetan. Festak abiaraztea izugarri garrantzitsua izanen da elkartearendako. Oso pozik gaude.

Zergatik eman dizuete ardura hori?
Leire. Saiatzen gara denon arteko berdintasunera iristera. Denon artean gu eta herria bat egitea. Herrietako ekitaldietan parte hartzen saiatzen gara. Esaterako, festetako herri bazkarira urte batzuk joaten daramagu. Uste dut pixka bat horregatik ere badela. Elkartearendako festen hasierako txupinazoa piztea bulkada bat izan daiteke.  

Taldekide mordoa zarete, nola erabaki duzue zeinek izan presentzia?
I. Aurrekoan udaletxean egon ginen eta balkoi guztietan zenbat sartzen garen zenbatu genuen. Goiko balkoi guztietan egoten utziko digute. Eta zozketa bidez erabakiko dugu. Elkartean boluntarioak gaude, baina dibertsitate funtzionala duten pertsonak izanen dira protagonistak. Hogei pasa dira, baina batzuk lanean edo kanpoan daude. Hamabost bat egonen gara. Beharbada bizpahiru hitz egiten eta suziria pizten egonen dira. Eta gainontzekoak ondoan izanen dira. Baina guztiek izanen dute beraien momentua. Saiatuko gara behintzat.

Zer mezu zabaldu nahi duzue? 
I. Guztiak pertsona garela. Guretako kuadrilla bat da. Festak poztasunarekin eta kolorearekin piztu nahi ditugu.

Festetarako zein asmo?
L. Urtero herri bazkarian izaten gara eta, ondoren, plazako dantzaldian egoten gara. Dantza egitea asko gustatzen zaie.

Zer da Mila Kolore?
I. Kuadrilla bat da. Funtzio dibertsitatea duten Sakanako pertsonen elkartea da. Boluntarioak beraiekin elkartzen gara haiek beraien lagunekin egon daitezen. Pote bat hartzeko, herrietako festetara joateko, mendira paseatzera... Guztioi gustatzen zaigu lagunekin egotea, eta kuadrilla bat garelako elkartzen gara.

Eta senideek zer rol dute?
L. Parte hartzen dute. Esate baterako, nire anaia kuadrillakoa da eta ni ere parte naiz. Alde batetik, beragatik. Baina denak tartean sartzen dira, gara, eta zerbait egiten dugu: norabait joan, kuadrillarekin egon, elkartu... Edozer gauza. Baina denon artean lortzen dugu.

Zer lan egiten duzue? 
L. Normalean, asteburu bat bai bestea ez elkartzen gara. Eguraldiaren arabera jarduera bat edo bestea egiten dugu. Gainera, urtero irteera batzuk egiten ditugu. Baina beraiendako garrantzitsuena elkartzea da. Horrekin nahikoa dute.

Zein irteera dira?
L. Lezaungo Basabe edo Olloko Gure Sustraiak baserri eskoletan Olentzero ospatzen saiatzen gara. Han bazkaltzen dugu eta beraiek Olentzerori gutuna ematen diote. Maiatz bukaeran Basaberen asteburu pasa egiten dugu. Azkenik, Goldaratzen ostegunetik igandera egoten gara agorrilaren akaberan. Hori gure kurtso hasiera da.

I. Azkena haien oporrak dira.

Hainbat espazio eta kultur jardueratan ikusi izan zaituztegu. 
L. Dibertsitatea gizarteratzen saiatzen gara, kuadrilla gizartearen parte dela erakutsi nahi dugu. Aurten futbol talde batean ere badaude. Leku, arlo guztietan gaude. Dantza egitea asko gustatzen zaie. Beti galdetzen dute noiz igoko diren berriz eszenara.

Joateko desiotan egoten dira?
I. Bai. Gurasoek ez diete bezperara arte esaten, bestela ez dute lorik egiten.

L. Intentsitate handiko egunak dira, baina oso gustura pasatzen dute. Hasiera batean guztiak oso urduri, oso gogotsu egoten dira. Ondoren lasaitzen dira eta lasai-lasai gelditzen dira. Ikasturte honetan plangintza bera dugu.

Zer premia ditu elkarteak? 
I. Boluntario gehiago behar ditugu, oso gutxi baitaude. Jendea probatzera animatzen dugu. Oso ondo pasatzen dugu, asko ikasten dugu guztion artean.

L. Boluntario izateko interesa duenak milakoloreasociacion@gmail.com edo milakoloreelkartea@gmail.com posta elektronikoko helbideetara idatzi dezake. Edo Instagrameko mila.kolore profilaren bidez harremanetan jarri daiteke.

Etxajua botatzeko eguna bertan da, protagonistek zer diote?
I. Oso-oso urduri daude. Balkoietan non jarri, etxajuari sua zeinek emanen dion, zer esanen duten pentsatzen ari dira. Oso-oso pozik daude. Eguna iristeko desiratzen daude. Sorpresa batzuk prestatu ditugu. Nik uste kolorez beteko dugula.