Ajolabaikoen peñak 40 urte bete ditu

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 15a

Ajolabaikoak peñaren aurreneko talde argazkia. ARTXIBOA

Peñak '40 urtez Altsasu Ajolabaitzen' leloa aukeratu du bere lau hamarkadetako ibilbidea ospatzeko. Ator berdeko peñakideek larunbatean izan zuten urteurren ospakizun handia.

Ezaxola, arduragabea, ganoragabea. Horixe da ajolabaiko bat. Altsasuar kuadrilla bat. Sortu behar zuten peñarendako izena behar eta makina bat proposamen esan zituzten. Baina kuadrillako batek esan zuen izen haiek guztiek ez zutela ez hanka ez buru. Beste batek erantzun zion: "ez izan ajolabaikoa". Azken hitz hori gustatu eta peñaren izentzat hartu zuten. 

Altsasuko Gazteak peña "krisian, erdi hilda" zegoen 80ko hamarkadaren erdialdean. Haren baitan sortu zen Ajolabaiko peñaren ernamuina, 1984an, 20 eta 25 urte artean zituzten 40 bat gazteren artean.

Beste kuadrilla batzuengana jo zuten peña berria sortzeko babes eske, eta batzuek baiezkoa eman zieten. Jendea lotzeko kuota jartzen hasi ziren eta hala egin zieten aurre haien aurreneko festei, 1985ekoei. 115 bat gaztek osatu zuten Ajolabaiko peña. Kideen laurden bat edo emakumezkoak ziren. Lokal propiorik ez zutenez, taberna batean elkartzen ziren. Hasierako urteetan kide kopuruak gora egin zuen. 1990an 80 kide eta 25 haurrek osatzen zuten peña. Hamar urte geroago 50 bat kide zituen, 100 bat 2005ean. 

Ator berdea dute peñakideek. Josefa Mendiluzeren dendako katalogoa begiratuz aukeratu zuten, eta bera izan zen peñakideei oihala eman ziena. Izanen dira oraindik kideen artean hasiera hartako atorrak izanen dituztenak. Larunbatean harro luzituko dituzte ziurrenik.  

Beste peñetako kideak izanak ziren ajolabaikoak, baina haietan opatzen ez zituzten kezkak ase nahi zituzten. Haien asmoetako bat zen peñaren jarduna ez mugatzea festetara, baizik eta urte guztian lan egitea eta aisialdia eta kultur arloko jarduerak eskaintzea. Hala, ihoteetan zerbait antolatzen hasi ziren, Korrikan parte hartzen, peñaren mus txapelketa antolatu zuten, festen aurretik haurrendako haur jolasak... Halakoak antolatzeaz zortzi-hamar lagunez osatutako batzorde "malgu" bat zegoen. Gainera, kide batzuek ardura jakin batzuk hartuak zituzten haiendako, esaterako, mus txapelketa edo haurrendako jolasak antolatzea. 

Txarangarik gabe peña bat ez da ezer festetan. Urtetan Ajolabaikokoen Incansables txaranga izan zen. Haren Erokerian diskoan (1992, Elkar) agertzen da peñaren himnoa, diskoa zabaltzen.

 

Ekarpenak
Ajolabaikoen eskutik zenbait berritasun iritsi ziren. Esaterako, dianaren aurretik kideei salda eskaintzen hasi zen 1987an. Hasieran batean Amnistiaren Aldeko Batzordearen barrakan izanen zen, eta ondoren gaztetxean. 07:30ean zen. Inoiz txokolatea ere eskaini zuten. Gerora peñen artean banatu zuten salda egiteko ardura eta festa egun bakoitzean peña bat arduratzen zen. Hurrengo urtean, 1988an, Ajolabaikoren baitan haurren atala sortu zuen eta haiek ere beraien pankarta egin zuten. Ordura arte peñako helduek urtero beraien pankarta egin eta festetan txarangaren doinura dantzatzen zuten. 

Udalak festetarako emandako dirulaguntza ematen zien peñei. Aparte, kide bakoitzak hilero bere peñari kuota bat ordaintzen zion. 1987an 300 pezeta (1,8 euro) ziren, eta festak zirela eta beste 500 pezeta (3 euro) jarri behar izaten zituzten. Festetako goizetan peñek txarangarekin kalejira egiten zuten, dianak. Hasieran 08:00etan, 09:00etan ondoren. Joaten ez zirenek isuna ordaindu behar izaten zuten eta hura ere bazen diru iturri bat. 

Peñen festetako gastu handiena txarangara kontratatzea zen. Hasiera batean peña bakoitzak berea hartzen zuen, baina azkenean peña guztiak bakarrarekin ibiltzen ziren. Bat egiteak Peñen Batzordea sortu zuen, gerora Altsasuko Peñak izena hartuko zuena. Horrek peñen izenak difuminatzea ekarri zuen, nahiz eta haien atorrak festetan presente egon. Batzordea otsailean hasten zen festak prestatzen. Haren bidez herri kirol jaialdiak, kultur asteak, txapela jaurtiketa txapelketa, txistor janak, herri bazkariak, ginkanak, peñen eguna, garagardo azoka...

16:30ean taberna batean kafea, kopa eta purua hartzera batu eta kalejiran ibiltzen ziren herrian barna. 20:00etan Zumalakarregi plazatik Foru plazara arteko jaitsiera. Ohitura aldaketekin peñetan izen emandakoen kopurua asko jaitsi zen, eta 1995ean peñek jaitsierak bertan behera uztea erabaki zuten, jendeak batzarretan parte hartu eta ekarpenak egiteko kontzientzia har zezan. Kideen kopuruan gorabeherak izaten segitu zuten peñek. 

Ospakizuna 
Urteurrena ospatzeko hitzordua irailaren 13an, larunbatean, jarri zuten. Kamisetak egin zituzten. Egitaraua Foru plazan 11:30ean abiarazi zuten, hamaiketakoarekin. Eztanda txarangaren doinura herrian barna ibili ziren. 240 pertsonak eman zuten izena peñakoen bazkarirako. Bilduta zeudela, omenaldia eta talde argazkia egin zituzten. Mahaitik altxatu ondoren kalejiran ibili ziren eta jaitsieran parte hartu zuten.