Futbola

Etxarri Aranatzek ikusgarri ekin dio kopari

Guaixe 2025eko irailaren 12a

Bi taldeak parez pare hasi ziren baina gero Etxarrik hartu zuen agintea. ETXARRI K.E.

Multzoko ligaxkako lehen jardunaldian Lagun Artea hartu zuen mendean alde handiz

Erregional mailako 2025/2026 denboraldia irailaren hirugarren asteburuan hasiko da, baina irailaren 11n, osteguna, Nafarroako Futbol Federazioko Kopari ekin zioten Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak.

Hamabigarren multzoko faseko lehen jardunaldiko partida jokatu zuten bi talde sakandarrek Lakuntzako Zelai Berrin. Etxarri Aranatz da kopako egungo txapelduna, eta bikain defendatu zuen aurtengorako bere hautagaitza, 1-7 hartu baitzuen mendean talde lakuntzarra. 10. minutuan Jon Erdoziak Etxarri aurreratu zuen, baina Ander Agirrek bana berdindu zuen berehala. Gutxi iraun zuen lakuntzarren pozak, minutu berdinean Oinatz Carreñok Etxarriren bigarrena sartu zuelako eta 35. minutuan hirugarrena. Atsedenaldira 1-3ko abantailarekin joan ziren etxarriarrak. Bigarren zatian, Lagun Artea saiatu zen, baina ezin. Jon Erdoziak, Ivan Cerezok, Aimar Lizarrak eta Joanes Mikeok lakuntzarren atea zulatu zuten eta 1-7 irabazita ekin dio kopari Etxarri Aranatzek. 

Abendura arte
Nafarroako Federazioko Kopak atseden hartuko du zubi foralera arte. Abenduaren 3an multzokako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da. Etxarri Aranatzek Beti Kozkor B taldea hartuko du San Donaton, eta San Jorgeren kontra jokatuko du Lagun Arteak, Iruñean. Hirugarren jardunaldia abenduaren 8an erabakiko da. Lagun Arteak Beti Kozkor hartuko du eta Etxarri Aranatzek San Jorge.