Txirrindularitza

Lehenengoz junior batek irabazi du Altsasuko lasterketa mitikoa

Guaixe 2025eko irailaren 15a

Eñaut Urkaregi, txapeldunaren saria jasotzen. Argazkiak: MARTIN EARLY

Afizionatuen mailako 96. Txirrindularitza Proban esprintean gailendu zen Finisher taldearekin stagiaire lehiatu zen Eñaut Urkaregi juniorra

Primerako eguraldiarekin jokatu zen Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duen 96. Txirrindularitza Proba, estatu mailako proba beteranoena. Txirrindulariek 140,86 km zituzten aurretik. Hasieran Zegamako mugaraino joan ziren, baina bertatik buelta hartu eta gero, Olazti, Altsasu eta Urdiain artean jokatu zen proba: zazpi aldiz igo zuten Altamira. Lasterketa gogorraren isla, 112 korrikalarik hartu zuten irteera, eta soilik 60 sailkatu ziren. 

Denetariko saiakerak izan ziren lasterketan. Hasieran hamabost txirrindularik egin zuten ihes. Bertan Rural utxa-Aleako eta Euskadi Fundazioko hainbat txirrindulari sartu ziren. Altamiraren azken igoerara arte, baina atzetik Finisherrek lasterketa mugitu zuen eta Iker Gomez altsasuarrak aurreko taldearekin bat egin zuen. Bretainiako Itzulian erorikoa izan ondoren, herriko probarako osatzea zen Gomezen nahia, eta lortu zuen. 

Azken kilometroak mugituak izan ziren, baina baina sorpresa helmugan gertatu zen, Finisher taldearekin stagiaire gisa jokatu zuen Eñaut Urkaregi juniorra (Tolosa Danena) gailendu baitzen esprintean, afizionatuen mailako bere lehendabiziko lasterketa irabazita (3:15:58). Bere atzetik Gorka Corres (Rural Kutxa-Alea) eta Aaron Nougue (Telco) sartu ziren. Iker Gomez hamazazpigarren sailkatu zen (3:17:49). Mendiko saria Nicolas Artetak (Electro Alavesa Zuia) lortu zuen, eta tartekako helmugena Haritz Felix Azurmendik. 

Pozarren zegoen Eñaut Urkaregi. “Lasterketa nahiko gogorra izan da. Lasterketan tiratzea tokatu zait, lan egitea, baina buelta eman diot eta irabaztea lortu dut. Indar pixka batzuk gorde ditut, eta esprintera”. 18 urteko txirrindulariak bi lasterketa jokatu ditu Finisher taldearekin eta horietako bat irabazi, marka ederra. Datorren urtean Lidl-Trek taldearekin profesional mailara egingo du salto. Berriki Herbeheretan jokatutako Juniorren mailako Pista Txirrindularitzan munduko txapeldun izan zen madison modalitatean. 

Iker Gomez, txirrindulari onena eta lehen nafarra
Talde onenaren saria Rural Kutxa-Aleak lortu zuen eta baita Nafarroako Challengea. Txirrindulari onenaren saria Iker Gomezek lortu zuen, eta baita lehen nafarraren saria. Gomez datorren denboraldian Kern Pharma talde profesionalera igoko da.