Kern Pharma taldeak irailaren 15ean azaldu zuen 2026 denboraldi berrirako bere lehen fitxaketa Iker Gomez izango dela. Gomez ibilbide azkarra egiten ari da. Aurten debutatu zuen Kern Pharma talde profesionaleko harrobian, Finisherren, eta lau garaipen lortu ditu: Manuel Sanroma Memorialeko lehen etapa, Lizarrako Zunzarren Memoriala, Circuito Montañeseko lehen etapa, eta Nafarroako Erlojupeko Txapelketa. Selekzioarekin lan ona egin du eta Kern Pharma taldeko stagiaire-a izan da. Urte bateko epean profesional mailara igoko da, Kern Pharma taldearekin 2028ra arte sinatu baitu, hiru denboraldi. "Oso pozik nago profesional mailara salto egiteagatik. Aurten oso pauso ona eman dudala uste dut eta oso pozik nago taldeak eman didan aukerarengatik. Kern Pharmak emandako konfiantza eskertu beharra dut". Ilusioz gainezka dago altsasuarra, ametsak betetzen ari baita. "Datorren urtea zer moduz joaten den ikusiko dugu".
Ruandara bidean
Irailaren 21etik 28ra Kigalin (Ruanda) Munduko Txirrindularitza Txapelketak jokatuko dira. 23 urtez azpiko selekzioko hautatzaile Pascual Orengok prestatutako seikotean dago Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Finisher). Hector Alvarez, Adrià Pericas, Paul Marti, Unai Ramos eta Samuel Fernandez izango ditu taldekide. Irailaren 26an jokatuko den errepideko lasterketan parte hartuko dute (164,4 km, 3.350 m desnibel +), Kigaliko zirkuituari hamaika itzuli. Pericas eta Alvarez irailaren 22an jokatuko den erlojupekoan lehiatuko dira baita ere (31,2 km).
Kern Pharma talde profesionalarekin stagiaire gisa ari zela Britainiako Tourreko erorikotik osatu da Gomez. "Ongi sendatu naiz. Altsasuko Txirrindularitza Proban ez nuen sorbaldan minik sentitu. Ruandara joateko gogotsu nago. Egunero ez da izaten Ruandara edo atzerrira joateko aukera, eta helburua Mundialetara joateko esperientziarekin disfrutatzea da. Esperientzia ona izango dela uste dut. Mundialetan egongo den maila "mundiala" izango da (kar-kar). Esperientzia probestea, ikastea eta disfrutatzea da asmoa" nabarmendu du.