Israel Palestinan egiten ari den genozidioa gelditzeko eskatu zuten

Guaixe 2025eko irailaren 16a

Manifestariak bonben irudikapenaren paretik pasatzen.

Aldi berean, Israeli boikota egitera deitu zuten.

Sakana Harrera Haranak deituta, Palestinaren aldeko manifestazioa egin zen irailaren 13an, larunbatean. Deitzaileek azaldu zutenez, "dagoeneko inork ez du ukatzen, beste gauza bat da beste alde batera begiratzea, Israelgo Estatuak Palestinako herriaren kontra egindako genozidioa errealitate bat da". Nabarmendu zutenez, "genozidio hau ez da orain hasi. Naziek haien kontra egindako genozidiotik ihesi iritsi ziren Palestinara, eta Israelgo sionismoak orduan bertan jarri zuten martxan genozidio hau". 

Azaldu zutenez, Palestinara iritsi berriak "hasiera-hasieratik, haiek Jainkoaren herri hautatua zirelakoan, Palestina osoa eskuratzeko plan bat diseinatu zuten, denboran zehar garatuz joan den garbiketa etnikoaren bidez, orain ikusten ari garenera arte: nazi-sionisten azken konponbidea". Sakana Harrera Haranakoek gaztigatu zutenez, israeldarrek "beraien ingurukoei sinestarazi nahi diete palestinarrak ez direla pertsonak. Horregatik diote palestinarrez libratzea ez dela inolako immoralitatea haien jainkoaren begietara. Herri palestinarraren deshumanizazio horrek nazien holokaustoaren mailan jartzea suposatzen du, gas kamerarik gabe baina milaka pertsona gosez hilez beren lurra lapurtzeko, are krudelagoa".

Deitzaileek "inperialismo yankiaren eta Europako gobernu hipokrita eta arrazisten pasibotasun eta konplizitatea" salatu zituzten. Salatu zutenez, Amerikako Estatu Batuek eta Europak Ukrainako gerran duten jarrera ez dutela Palestinan: "Israelgo estatu terroristarekin negoziatzen jarraitzen dute Palestina sarraskitzeko erabilitako arma horiek erosiz eta salduz". Gertatzen ari dena salatzen segitzeko eta Israeli boikot egiteko dei egin zuten.