1 Euskaltegiko atea lehen aldiz zabaldu zenuenean, zer espero zenuen?
Aspaldi-aspaldi izan zen hori. Hiru edo lau urte? Ez dakit oraintxe bertan noiz izan zen. Baina hiru bat urte daramatzat euskara ikasten, Lehen egunean sentimendu asko izan nituen. Denak pil-pilean nituen. Eta beldur pixka bat: "agian euskaltegian sartu eta ez dut ezer ikasiko!"
2 Zerk eraman zituen euskaltegira?
Euskara, kultura eta euskaraz hitz egitea gustatzen zait. Nire asmoa da euskara ikastea hitz egiteko. Oraintxe bertan lortu dut. Printzipioz ez dut titulurik eskuratzeko asmorik. Hitz egiteko ikastearekin nahiko dut. Gehiago ikasi nahi dut. Hitz egitea kostatzen zait, baina poliki-poliki noa, saiatzen naiz hitz egiten.
3 Zer dago euskaltegiaren atearen beste aldean?
Jende oso politarekin egin nuen topo. Haiek ezagutzea ohorea izan zen. Bai nire klasekoak, baita besteetakoak ere. Normalean jendea adinekoa izaten da. Nik ez dut problemarik horrekin. Lagunkoia naiz. Azkenean haiekin oso ongi pasa nuen, izugarri gustura sentitzen nintzen.
4 Nola hartu zintuzten?
Oso ongi hartu ninduten euskaltegian. Irakasleak ere bai. Kariño handia diogu elkarri. Polita da hori. Laguntzeko prest dago. Okertzen banaiz zuzentzen dit. Eta behin eta berriro saiatzen naiz. Aurten nabaritu dut aurrera egin dudala. Uzteko puntuan nengoen, baina ez dut nahi. Asko gustatzen zait, eta asko ikasiko dut.
5 Hasierako motibazio bera duzu, edo aldatu da?
Hasierako motibazio bera dut: kultura ikastea. Euskaraz hitz egitea kostatzen bazait ere, hizkuntza nirea bezala sentitzen dut. Bihotzera iristen zait. Ikasten segitu nahi dut, eta etorkizunean oso arin hitz egitea nahiko nuke. Etorriko da, poliki-poliki egingo dut aurrera. Ez daukat inolako presarik.
6 Zer eman dizu euskara ikasteak?
Ate asko zabaldu dizkit jendearekin. Harreman berriak ere izan ditut. Bikain. Euskaraz hitz egiten baduzu harrera oso polita da. Normalean, euskaldunek haiei euskaraz hitz egitea nahiago dute. Eta haiekin pixka bat saiatuz gero, animoak ematen dizkidate, edo ongi hitz egiten dudala esaten didate. Halakoak entzutea motibagarria da. Bete egiten nau. Denok elkar ulertzen dugu. Uler dezaket nola senti zaitezkeen. Nolako komunikazioa nahi duzun.
7 Euskaltegian ikasi. Kalean praktikatu?
Hori pixka bat zaila da. Altsasun problema txiki bat dugu: beti gaztelaniaz hitz egiten dugu elkarrekin. Nire kuadrilakoekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Kostatzen zait, baina horretan saiatzen naiz. Arazo hori dugu, baina nire kuadrila bere erosotasunetik atera beharko dut. Eta horrela ikasiko dut ere.
8 Beharbada Mintzakiden izena eman beharko duzue?
Mintzakide, ez dakit. Beno posible litzateke.
9 Euskara praktikatzeko beste aukera bat Euskaraldia da. Parte hartu duzu sekula?
Aurten belarriprest rola hartu nuen. Sentitzen dut oraindik pixka bat gehiago ikasi beharra dudala.
10 Zer moduzko esperientzia?
Txapa, normalean, poltsan jarrita neraman beti. Euskaraldikoa esperientzia ona izan zen. Gauza bera. Euskaraz hitz egite hutsagatik jendeak ateak ireki zizkidan: "etorri, zu etxekoa zara!" Euskal Herria nire etxea balitz bezala sentitzen dut. Sekula baino gehiago.
11 Euskaltegiko atea zabaldu zenuen zuk. Nor gonbidatuko zenuke gauza bera egitera?
Euskara ezer ez dakien jendea euskaltegira joateko gonbit egingo nioke. Ez dezatela beldurrik izan. Zergatik? Beti beldur momentuak izaten ditugu. Baina hasiz gero, ez dira damutuko. Kostatzen da, beti. Baina irakasleak eta ikasleek beti lagunduko dute.