Irailaren 23an Altsasu urik gabe geldituko da

Guaixe 2025eko irailaren 18a

Ur sarea berritzeko lanak Txunkai auzoan.

Ur mozketa gauez eginen da eta bost ordu iraunen ditu.

Ameztiako ur biltegitik San Joan kalerainoko ur sarea berritzen ari da Altsasuko Udala. Sare zaharraren parean berria eraikitzen ari da. Sare berria herriarekin lotzeko ur mozketa egitera behartuta daude langileak. Ur mozketa irailaren 23an, asteartean, eginen dute, 22:00etan, eta bost ordu iraunen du. Herri guztia urik gabe geldituko da. Ur mozketaren ondoren ur horniduraren ohiko zerbitzua pitteka bueltatuko da.

Antzeko mozketa orokorra egin zuen udalak agorrilaren 28an. Orduan sare berriaren zati batera pasa zuten ur hornidura, biltegiaren eta Geltoki kalera sartzeko biribilgunearen arteko zatira hain zuzen ere. Heldu den asteartean aipatutako biribilgunearen eta San Joan kalearen hasieraren artean dagoen zatian hodi berria funtzionamenduan jarriko dute. Hori eginda, obra despedituko da.