Altsasuko ferietan azienda izateko izen ematea zabalik dago

Guaixe 2025eko irailaren 19a

Zaldi azienda Zelai kalean egoten da. ARTXIBOA

Inskripzio epea 2025ko irailaren 26a arte izango da. Bere azienda ferian izateko interesa duen abeltzainak inskripzio fitxa sakana@cederna.es posta elektronikoko helbidera bidali behar du. 

Lastailaren 19an, domekarekin, feria eguna izanen da Altsasun. Besteak beste azienda erakusketa eta lehiaketa izanen dira. Zaldi lehiaketan izena emateko epea zabaldu du udalak. 65 abere baino gehiago inskribatuz gero, izena eman duten ordenari jarraikiz onartuko dira lehiaketan. Nolanahi ere, abere kopuru hori handitu ahal izango da automatikoki, betiere horretarako aurrekonturik balego. Udalak 74,55€ emango ditu abelburu bakoitzeko (horren barnean dago PFEZri dagokion atxikipena). Ganaduzale bakoitzak gehienez ere bi abere aurkeztu ahal izango ditu maila bakoitzean eta bost guztira.

Behi erakusketari dagokionez, gehienezko buru kopurua 40 burukoa izango da. Onarpena lehentasunaren eta inskripzio-ordenaren arabera egingo da. Abereen kalitatea egokia bada, Sakanan helbideratutako ustiategiek lehentasuna izango dute. Parte hartzen duten ustiategi guztiek kasu bakoitzean eska daitekeen osasun-kalifikazioa izan beharko dute, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Hala dagokionean, jatorri eta osasun gida aurkeztu beharko da. Erakusketan parte hartzeagatik emanen diren dietak honakoak dira: urtebetetik gorako behi-azienda: 80,85€ buruko (PEEZ atxikipena barne) eta urtebetetik beherako behi-azienda: 40,00€ buruko (PEEZ atxikipena barne). 

Azkenik, ardi erakusketara indarrean dagoen legediak eskatzen dituen osasun eta identifikazio agiriak betetzen dituzten Sakanako ustiategietako aleak aurkeztu ahal izango dira. Kasu guztietan, onarpenari begira, Altsasuko abeltzaintza-ustiategiek lehentasuna izango dute eskualdekoek baino. Dieta 74,55€-koa izango da artalde bakoitzeko (zenbatekoak %15 PFEZren atxikipena barne hartzen du).

Erakusketa egiteko gutxieneko kopurua latxa arrazako 14 artalde da. Artalde bakoitzak 6 buruk osatuko dute, honela banatuta: 5 arkume eme eta ar bat edo 5 ardi eta ar bat. Aurrekonturik badago, antolakundeak talde kopurua handitzeko eskubidea izango du. Ganadua lehentasunaren eta inskripzio-dataren arabera onartuko da. Parte hartzen duten ustiategi guztiek kasu bakoitzean eska daitekeen osasun-kalifikazioa izan beharko dute, eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.