EAJko kideak Parisko Marceau etorbidearen 11.era itzuli ziren larunbatean, irailaren 20an. Eraikinaren “itzulketa historiko eta zuzena” irudikatu zuten horrela alderdikideek, alderdizaleek, Frantziako euskal diasporako pertsonek, EAJko barne ordezkariak eta euskal erakundeetako ordezkariak izan ziren. Haien artean zeuden Unai Hualde Iglesias eta Javier Ollo Martinez altsasuarrak, Nafarroako eta Euskadiko Buru Batzarretako kideak.
Aitor Esteban EBBren presidenteak adierazi zuenez, Marceauko eraikina “herri baten erresistentziaren sinboloa da, faxismoaren eta nazismoaren kontrako borrokarena, deserriratze eta erbestealdi garai batean bizi izandakoa gogoan izatekoa eta, aldi berean, Europaren eraikuntzaren sinboloa: eraikin honek sinbolizatu izan ditu Alderdi honen oinarri diren printzipio guztiak, politikan aritzeak merezi egiten duela sinestarazten digutenak”. Estebanek esan zuenez, “itzulketa hau ez da iraganera bueltatzea, etorkizunerako urratsa ematea baizik. Etorkizuna euskal belaunaldi berrientzat. Beren Herriak deitu egiten diela sentitzen dutenentzat. Hemen dute konpromiso pertsonalaren adibide bat, emulatzea merezi duena, gaurko garai nahasi hauetan”, nabarmendu zuen.
Historia
EAJk 1936ko irailaren 12an erosi zuen eraikina, urte bereko lastailaren 7an lehen Eusko Jaurlaritza eratu aurretik. Gerra zibilaren eta erbestearen aurrean, Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza hartzeko gaitu zen. Nazismoak 1940an Frantzia inbaditu zuenean, nazien armadak eta Gestapok konfiskatu zuten eraikina. Eraikina 1944ko Bigarren Mundu Gerraren ondoren berreskuratu zen, baina Frantziak 1951n berriro eman zien agintari frankistei. EAJ hainbatetan saiatu da eraikina berreskuratzen, eta 2022az geroztik, Memoria Demokratikoaren Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak atzerrian egindako konfiskazioak itzultzeko aukera ematen du. Haren bidez, berreskuratu du eraikina.