Alzheimerra gizarteratzeko eguna

Guaixe 2025eko irailaren 22a

Adin guztietako pertsonak parte hartu zuten gaitza ikusgarri bihurtzeko egindako martxan. 

Gaitzaren nazioarteko egunean, irailaren 21ean, Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak oinezko martxa bat antolatu zuen. Haren bidez gaitza ikusarazi nahi izan zuen. 258 pertsonek eman zuten izena eta kamiseta urdina soinean zutela, ibilbideari ekin zioten. 4 eta 8 km-koak zituzten aukeran, eta azken horren alde egin zuten gehienek. Klinikatik Txorongo txarangaren doinuak alaituta abiatu ziren eta ibilbidea estalpean despeditu zuten. 

Helmugara iritsi zirenek gosaria zain zuten. Horretaz aparte, hainbat jarduera izan ziren han: klinikako langileek gidatuta, adinduak ariketa fisikoa egiten; adindu baten bizimodua nolakoa den jakiteko modua izan zen, gorputzean pisuak, betaurrekoak eta kaskoak jarrita; haurrendako puzgarriak eta Etorkizuna dantza taldearen eta Irantzu Gonzalezen dantza eskolako dantzariak. 

Gaixotasuna ikusgarritasuna emateko martxaren antolakuntzan klinikak boluntarioen, klinikaren lagunen elkartearen, Dantzaleku Sakanaren eta Altsasuko Mendigoizaleak-en laguntza izan zuen.