Emakumezkoen hirugarren mailari ekin dio Altsasuk. Ligako lehen jardunaldian, Altsasuk Tuterako Lourdes taldea hartu zuen igande eguerdian. Lehia oso borrokatuan, Lourdes ordu laurdenera aurreratu zen, baina berehala bana berdindu zuen Mulierretik Altsasura joan den Laida Garziandia lakuntzarrak, eta eta 9 minutu beranduago Garziandia berak 2-1 aurreratu zuen Altsasu. Atsedenaldira joan baino lehen hirugarren gola sartu zuen Alicia Elizaldek. Bigarren zatian, ordea, Lourdesek ongi erantzun zuen. 57. minutuan 3-2 hurbildu ziren Erriberakoak, eta 67. minutuan berdinketaren gola sartu zuten. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen eta hirunako berdinketarekin despeditu zen lehia.
Mulier da hirugarren mailako lehen liderra (3 puntu). Altsasu seigarren da, puntu batekin. Hain zuzen ere, Altsasuk irailaren 28an, 16:00etan, Mulier taldea izango du aurkari, Salestarren Sarriguren instalazioetan.