EtxeON Nafarroa markarekin foru administrazioak etxebizitza publikoen sustapen-plangintza berria egin du. Hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfaro Garciak azaldu zuenez, ekimen horrek "sakoneko aldaketa dakar Nafarroan etxebizitza publikoa planifikatu, eraiki eta kudeatzeko moduan". Haren jatorria garagarrilean onartutako Etxebizitza Eskuragarriari buruzko Foru Legean du. Alfarok esan zuenez, "programak epe luzera bermatu nahi du etxebizitza duin, eraginkor eta eskuragarria izango dela, 2016 eta 2025 urteen artean Navarra Social Housing-ekin bildutako esperientzia jasoz. Horri esker, alokairuko 500 etxebizitza baino gehiago eraiki ahal izan ziren Foru Komunitateko hainbat herritan".
EtxeONen lehenengo fasean, guztira 735 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da. Horietatik 493 alokairuko etxebizitzak izango dira, sozialak zein eskuragarriak, 128 azalera eskubideko salerosketa-erregimenean eta 114 kooperatibendako erabilera lagapeneko erregimenean. Gobernuak etxebizitza eskuratzeko modalitate berriak sortu ditu, besteak beste alokairu eskuragarria, "alokairu sozialaren baldintzak betetzen ez dituen baina merkatu librean sartu ezin den biztanleria sektore bati arreta emango diona". Bestalde, "formula berritzaileak bultzatuko dira, esate baterako, erabilera lagatzen ari diren kooperatibak, bereziki adinekoendako, gazteendako eta belaunaldien arteko esperientziendako". Gaineratu zuenez, landa eremuko birgaitze programak indartuko dira, bai eta eraikuntza industrializatua ere, epeak arintzeko eta eraginkortasuna hobetzeko bide gisa.
Gehiago
Gobernuko kideak azaldu zuenez, lehen fasean alokairu sozialerako 121 etxebizitza eraikiko dira. Horietako 21 Altsasuko Uhaldera eta Amandrea kaleen arteko partzela batean eraikitzen ari da Nasuvinsa enpresa publikoa gaur egun.
Gobernuak Altsasuko Udalarekin sinatutako akordioaren arabera, partzela berean beste etxebizitza eraikin bat jasotzeko aukera du gobernuak 5 urteko epean. Gobernuak iragarri berri dituen beste 20 etxebizitza horiek partzela horretan eraikiko dira. Alfarok aurreratu zuenez, 20 etxebizitza horiek kooperatiba bati egindako erabilera lagapeneko erregimenean eraikiko dira. Erabilera lagapenean dauden kooperatiben modalitate berri horrendako propio lege bat eginen du Nafarroako Gobernuak.
Programak zuzeneko sustapenak, Nasuvinsak oso-osorik kudeatutakoak, eta eskuordetutako sustapenak konbinatuko ditu, kooperatibekin, udalekin, etorkizuneko enpresa mistoarekin edo beste eragile batzuekin lankidetzan bultzatutakoak.