Astekaria

Altsasuko musika elektronikoa kalera

Guaixe 2025eko irailaren 29a

Altsasu Tech Tecnho jaialdia.

Irailaren 27an, LH institutuaren ondoko aparkalekuan, 'Altsasu Tech Musika Techno Jaialdia' antolatu zuen Altsasuko Udalak, DZergy, Anabea, Deathbass, 215 DJ, Aitor Lizarraga, ElSammy, Korena eta Txen herriko disko jartzaileekin.

"Udalean bagenekien Altsasun techno musika egiten duten pertsona ugari daudela; gazteak eta ez hain gazteak". Javier Ollo Altsasuko alkateak urtarrilean sare sozialen bidez jakinarazi zuen "herriko pertsona hauekin" jaialdi motako zerbait egitearen ideia zuela udalak: "Interesa zuen orok honen inguruan hitz egiteko nirekin kontaktuan jartzea eskatu nuen". Altsasuar "dezente" harremanetan jarri zirela esan du Ollok, eta guztiekin bilera bat antolatu zuten. Topaketa horren emaitza irailaren 27an, 18:00etatik aurrera, ospatutako Altsasu Tech musika teknoko jaialdia izan zen; "bilera horretan lehendabiziko gauza bezala eguna zehaztu genuen, baita tokia ere". DZergy, Anabea, Deathbass, 215 DJ, Aitor Lizarraga, ElSammy, Korena eta Txen DJek parte hartu zuten jaialdian.

Jaialdia 
Eta zergatik irailaren 27an? "Altsasuko festen aurretik egitea ez genuen posible ikusten, asteburu ia guztietan ondoko herritako festak ospatzen direlako". Bestetik, gaineratu du alkateak, Altsasuko festen ondoren asko itxoiten bazuten, eguraldia "arazoa" izan zitekeen. "Horregatik, guztioin artean, irailaren 27a data aproposa dela ondorioztatu genuen". 

Kokapenari dagokionez kontuan hartu dute"musika mota hau" ezin zutela herriko erdiguneko espazioetan egin, Foru plaza edo Iortia kultur gunearen zabalgunean kasu, "batez ere bizilagunei eragingo lietzaiokeen arazoengatik". Horregatik, erdigunetik kanpo baino "ez oso urrun" kokatzea erabaki zuten: "Toki aproposena Sakana Lanbide Heziketako institutuaren ondoko aparkalekua da". 

Altsasu Tech jaialdian Altsasuko tabernek ere parte hartu zuten jakinarazi du alkateak: "Haiekin harremanetan jarri ginen barrak jartzeko proposamena luzatuz; lau tabernek parte hartu zuten, eta bi barra jarriko dituzte".