Aurten Nafarroako sorgin ehizaren bosgarren mendurrena da, eta horren harira Nabarralde elkarteak Nafarroako gertaera honen inguruko erakusketa egin du: Nafarroako sorgin ehiza. Erakusketa hamazazpi panelez osatuta dago, eta 1525eko urtarrila eta abuztuan zehar nafar Pirinioko ibarretan gauzatu zen lehen sorgin ehiza orokorra, Pedro de Balzanza lizentziatuak gidatu zuena, azaltzen da; testuingurua, gertakizunak eta ondorioak.

Irailaren 26tik urriaren 4ra, Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan, erakusketa ikusgai izanen da, Nafar Ateneoak urriaren 4an antolatu duten Heptamerona egitasmoaren barruan. Egun horretan Iñigo Larramendik bisita gidatua eginen du ere.
