Hizkuntza aktibistak Sakanan izan dira

Guaixe 2025eko irailaren 26a

Sakanako Mankomunitatearen hizkuntza plangintza eta Guaixe hedabidea ezagutu dituzte. Aditu formazioaren xede nagusia da parte-hartzaileei oinarri sendoa ematea hizkuntza biziberritzearen arloan, eta aldi berean, euskararen esperientzia inspirazio-iturri gisa eskaintzea. 

Garabide elkarteak urtero Aditu izeneko nazioarteko prestakuntza programa antolatzen du. Hartan hizkuntza gutxituak dituzten munduan barnako komunitateetako ordezkariak parte hartzen dute. Prestakuntza programaren helburua da euskararen biziberritze prozesuan metatutako ezagutza eta esperientziak partekatzea. Horretarako, Garabidekoek euskal hizkuntza normalizazioan aditu diren eragileen eta hizkuntza gutxituen alde diharduten aktibisten arteko zubi lana egiten dute. Munduko hainbat txokotatik etorritako hizkuntza aktibistak hilabete eta erdiko egonaldia egiten dute Euskal Herrian. 

Programan parte hartzen dutenek, arlo akademikoari dagokionez, ehun ordu baino gehiagoko prestakuntza teoriko praktikoa jasotzen dute. Euskal soziolinguistikan eta hizkuntza biziberritzeko estrategietan aditu diren irakasleek parte hartzen dute saio horietan. Horretaz aparte, hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute. Esperientzia horien artean, bai gizarte zibiletik sortutako ekimenak, bai administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertzen dira. 

Sakanan
Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren aurtengo edizioan 14 komunitateetako 18 hizkuntza aktibista ari dira parte hartzen. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorri dira, baina badira baita Afrikakoak ere. Aditu programan parte hartzen dutenek irailaren 25eko, osteguneko, goiza Sakanan eman zuten. 

Sakanako Mankomunitateko eta Pirinioetako euskara zerbitzuetako teknikariekin bilera egin zuten Iortia kultur gunean. Bi euskara zerbitzuen funtzionamendua zein den ezagutzeko aukera izan zuten Castillo Suarez, Idoia Zabaltza eta Tere Iribarrenen eskutik.

Atsedenaren ondoren hizkuntza aktibistak Guaixe fundazioan izan ziren. Fundazioak sustatutako hedabideen ibilbidearen berri jaso zuten. Bide horretan aurrera egiteko erabilitako baliabideak zein izan ziren jakin zuten. Eta aurrera egiteko beste hedabideekin egindako elkarlanak eta aliantzek izan zuten garrantzia azpimarratu zen.  

Parte hartzaileak
Boliviako Charagua Iyambae lurralde autonomoko guarani hiztuna.
Ekuatore Gineako Bioko uharteko bubiera hiztuna.
Mexikoko Yukatango maia hiztunak.
Kolonbiako nasa komunitateko nasa yuwea hiztuna.
Txileko Araucania eskualdeko eta Catrilef komunitateko maputxe hiztunak.
Ekuadorko Karanki herriko kitxua hiztuna.
Boliviako kitxua hiztunak.
Maroko-Kataluniako amazigh hiztuna.
Argentinako Corrientesko guarani hiztuna.
Haitiko kreolera hiztuna.
Guatemalako Chi Xoteko kapchikel maia hiztuna.
Rifeko amazig hiztuna.
Mexikoko Oaxaca estatuko mixea hiztuna.
El Salvadorreko Witzapaneko nahuat pipila hiztuna.