Adinekoen eskubideak eta beharrak babestea eskatu dute

Guaixe 2025eko urriaren 1a

Altsasun astelehenean egindako bilkura. UTZITAKOA

Pentsiodunen mugimenduak ekonomiarekin lotutako aldarrikapenekin batera, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzu egokia eta osasun zerbitzu publikorako premiazko konponbideak eskatu dituzte. Astelehenero biltzen dira, Altsasuko Udaletxearen aurrea eta Zumalakarregi plaza tartekatuz. 

Adinekoen nazioarteko eguna da lastailaren 1a, Sakanako pentsiodunen mugimenduak adinekoen eskubideak eta beharrak babesteko premia nabarmendu du. Horretarako, aldarrikatu dute gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea. Hori lortzeko Nafarroako Gobernuari eskatu diote pentsio txikienak dituztenei osagarri bat eman diezaiela. "Borondate politikoa besterik ez da behar" nabarmendu dute pentsio duinen aldekoek. Horretarako diru partida 2026ko aurrekontuetan sartzea eskatu dute. 

Bestetik, foru administrazioari eskatu diote Pertsona Fisikoen Errenta Zergaren taulak aldatzea. Izan ere, Nafarroan 14.500 euro baino gehiago kobratzen dutenei aipatu zergaren atxikipena egiten diete.  Gobernuak eta EH Bilduk pentsiodunei aurten diru osagarri bat ordaintzea adostu zuten. Gainera, 14.490 euroko pentsioa pixka bat igotzen bada, bi arrazoi horiengatik pentsiodunei gutxienez %8ko atxikipena eginen diete. 

Arreta eta zaintza publiko eta kalitatezko zerbitzuak ere aldarrikatu ditu Sakanako pentsiodunen mugimenduak. Etxez etxeko Arreta Zerbitzuarendako materialak eta giza baliabideak eskatu dituzte.   Haren arretaren kalitatea eta kontrol publikoa aldarrikatu dituzte. Era berean, Mendekotasun Legeak behar guztiei unean-unean eta eraginkortasunez erantzutea nahi dute. Pentsiodunen mugimendutik zaintzaileendako lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte. Horretarako, Nafarroako lan hitzarmen arautua eskatu dute. Osasun arloari dagokionez, besteak beste, itxaron zerrenda luzeekin bukatzeko premiazko konponbideak exijitu dituzte.

Elkarretaratzeak
Sakanako Pentsiodunak taldea asteleheneo pentsio duinen aldekoko kontzentrazioa egiten dute, Altsasuko Udaletxearen aurrea eta Zumalakarregi plaza tartekatuz. Elkarretaratzeak 12:00etan dira.