Sunsundegui amiantoagatik bitan zigortuta

Guaixe 2025eko irailaren 30a

Prentsaurrekoan egin dute epaien eta Funtsaren balorazioa. ELA

Bi langileren heriotzagatik izan da zigortua. Hala ere, indarrean sartu den Konpentsazio Funtsak erdira murriztu du familiek kobratu beharko luketena. Madrilen onartutako legearen aurrean ELAk biktimen babesgabetasuna salatu du.

ELAk jakinarazi duenez, Bidelagun fundazioak amiantoagatik Sunsundeguiri bi epai irabazi dizkio. Sunsundegui enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago, eta horrek esan nahi du familia horiek ia aukera osoz jo beharko dutela onartu berri den Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsera, enpresaren likidezia faltagatik. Langile bat pleurako mesoteliomak jota hil zen, bestea biriketako minbiziaren ondorioz. Lehenaren epaian, epaitegiak 206.051,91 euroko kalte-ordaina ordaintzera kondenatu du enpresa: alargunarendako 138.914,88 euro, bi alaben eta semearendako 22.379,01 euro bakoitzarendako. Baina Funtsean ezarritakoaren arabera; jaso beharreko zenbatekoa 96.621,24 eurokoa izango da, epaiak ezartzen duena baino 109.430,67 euro gutxiago.

Bigarren kasuan epaitegiak %40ko errekargua aitortu dio hildako langile baten emazteari. Familiak orain judizialki erreklamatu dezakeen kalte-ordaina, prestazioen errekargua irabazi ondoren, 172.825,31 eurokoa izango litzateke, baina Funtsak kalte ordain horretatik 64.414,16 euro baino ez dizkio emanen.

ELAko kideek azaldu dutenez, "onartu berri den Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsa aplikatzearen ondorioz, biktimek ezin izango dute epaitegiak ezarritakoa jaso". ELAren ustez, "Madrilen onartu berri den legea biktimak babesten ez dituzten irizpide ekonomizistek gidatzen dute, biktimak erabateko babesgabetasunean geratzen dira".