Iruñeko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak bitan eman dio arrazoia ELA sindikatuaren Bidelagun fundazioari eta, beraz, Sunsundegui enpresan lan egin eta amiantoaren ondorioz hildako bi pertsonaren familiendako alargun prestazioak onartu ditu. ELAk jakinarazi duenez, langileetako bat pleurako mesoteliomak jota hil zen. Epaitegiak 206.051,91 euroko kalte ordaina ordaintzera kondenatu du Sunsundegui: alargunarendako 138.914,88 euro, bi alaben eta semearendako 22.379,01 euro bakoitzarendako. Baina Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsean ezarritakoaren arabera, jaso beharreko zenbatekoa 96.621,24 eurokoa izango da, epaiak ezartzen duena baino 109.430,67 euro gutxiago.
Bestea langilea biriketako minbiziaren ondorioz hil zen. Epaitegiak %40ko errekargua aitortu dio haren alargunari. Familiak orain judizialki erreklamatu dezakeen kalte ordaina, prestazioen errekargua irabazi ondoren, 172.825,31 eurokoa izango litzateke, baina Funtsak kalte ordain horretatik 64.414,16 euro baino ez dizkio emanen. Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan dago, ondorioz, bi familiek, ia ziurrenik, onartu berri den Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsera jo beharko dute, enpresak ez baitu likideziarik.
Kritika legeari
ELAko kideek salatu dutenez, "onartu berri den Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsa aplikatzearen ondorioz, biktimek ezin izango dute epaitegiak ezarritakoa jaso. Madrilen onartu berri den legea biktimak babesten ez dituzten irizpide ekonomizistek gidatzen dute, biktimak erabateko babesgabetasunean geratzen dira". Sindikatuko kideek gaineratu dutenez, "bi kasu horiek argi eta garbi erakusten dute funtsa ez dela nahikoa, murriztailea eta diskriminatzailea dela, eta irizpide ekonomizistei erreparazio irizpideei baino gehiago begiratzen die".
Sindikatuko kideek ziurtatu dutenez, "irabazi berri diren epai horietan egiazta daitekeenez, Konpentsazio Funtsa biktimen justiziarako eta erreparaziorako tresna izatetik oso urrun dago. Ez bakarrik zenbatekoak askoz txikiagoak direlako eta abonu bakarrean ordaintzen direlako; baita ofizialki profesional gisa aitortutako gaixotasunak baztertzen direlako ere, bronkioaren neoplasia kasu". ELAkoek jakinarazi dutenez, legeak ez ditu onartzen ez minbizi gastrointestinala, ez obulutegikoa, "nahiz eta azaroaren 22ko 2023/2668 (EB) Zuzentarauak amianto-zuntzen eraginpean egoteak eragin ditzakeen gaixotasuntzat hartzen dituen". Gaineratu dutenez, "obulutegiko minbiziaren kasu zehatzean, gaixotasun hori ez onartzeak genero-arrakala sakontzen du, eta zuzeneko diskriminazioa eragiten du amiantoaren eraginpean egon diren emakumeengan".
Funts berriak kalte ordainen onuradunak murriztu egiten dituela gaztigatu dute ELAkoek: "kanpoan uzten ditu 35/2015 Legean jasota zeuden arbasoak, anai-arrebak eta hurbilekoak". Laburbildu dutenez, "funtsak ez du modu integralean konpontzen, patologiak ikusezin bihurtzen ditu eta kanpoan uzten du biktimen familia-sarearen zati bat. Bidelagunek murrizketa hori salatu du, amiantoaren biktimen oroimena ez errespetatzeaz aparte, haien familien sufrimendua sakontzen duelako. Hildakoetako baten alabak adierazi du zein mingarria den administrazio-izapideen moteltasuna, kontuan hartuta aita 2020ko martxoan hil zela. Errekargua onartu diote amari, baina ez dakite kobratuko duten. "Epe luzeengatik eta ziurgabetasunagatik, oso zaila da dolua ixtea".