Bidegorria San Pedroko bidea kaletik abiatuta, bi adar izanen ditu: Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua eta Iñigo Aritza ikastolaraino eta Dantzaleku kirolguneraino.
Udalak Nafarroako Gobernuaren 312.373,76 euroko dirulaguntza jaso du. Lanek 390.467,20 euroko aurrekontua dute guztira. Diru kopuru horri lanak egiteko lursailak eskuratzeko 19 lurjaberi (haietatik 9 udalarenak dira) ordaindu beharrekoa gehitu behar zaio: 13.033,10 euro (5 euro m2-ko). Guztira, beraz, bidegorriak 404.467,02 euroko inbertsioa beharko du. Udalak, beraz, diruzaintzako gerakinetik 76.978,44 euro bideratuko ditu.
Aurtengo aurrekontuan 18.050 euroko diru saila zuen udalak, proiektua egiteko. Enpresak azaroaren 4rako aurkeztu beharko du proiektua. Bitartean udala lurjabeekin harremanetan da. Dirulaguntzaren baldintzetako bat lanak emateko deialdia urtea despeditu aurretik egitea da eta lana 2026ko irailaren 30erako despedituta egotea.
Gaur egun institutura joaten diren ikasle altsasuarrek (247 aurreko ikasturtean) ez dute garraio zerbitzurik. Horrek sarrera-irteera orduetan autoen, txirrindularien, herrietako autobusen eta oinezkoen joan-etorri handia sorrarazten du.
Bidegorria egiteko aurrekontu aldaketa onartu zuen udalak Geroa Bairen aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Azken horrek eskatu zuen bizikleta herrian txertatzeko azterketa sakona egitea. Duela bi urte hala onartu zuen udala, baina ez dela egin gaztigatu zuen. "Halako azterketa bat egin ondoren bidegorria bezalako jarduerak gara litezkeela uste dugu. Eta Sakanako bizikleta bide sarearekin koordinatuta".