Altsasuko Kaixo jatetxeak aurten 15 urte bete ditu. Urteurrena sari batekin borobildu dute, euren "Ensalamiña"-k Nafarroako I. Entsaladilla Lehiaketa irabazi duelako. "Entsaladillaren oreka, osagaien integrazioa, bere krematsu izana eta ogia bustitzeko ona izatea" baloratu dute. Jose Antonio Legarra eta Maite Marcos "oso pozik" daude sariarekin.
Lehiaketa gastronomiko batera aurkezten zareten lehen aldia da?
Nafarroako Entsaladilla Txapelketa antolatzen duten lehen aldia da, eta gu txapelketa batera aurkezten garen lehen aldia. Nafarroako Ostalaritza Kooperatiba gure hornitzailea da, eurek antolatu zuten, eta Orkatz komertzialak animatu gintuen. Kartan entsaladilla dugunez, pentsatu genuen: zergatik ez?
Zuen plater izarretako bat da?
Baietz esango genuke. Kariño eta dedikazio askorekin prestatzen dugu. Entsaladilla ospakizunetarako prestatzen zen plater tipikoetako bat izan da beti. Oroitzapen asko datorkigu burura. Jatetxeetan entsaladilla platera egon beharko litzateke beti. Taberna edo jatetxe bateko entsaladilla batek asko adierazten du.
Hasiera batean, plater "erraza" da, baina prestakuntzan badu berea.
Entsaladillak oinarrizko osagaiak ditu. Gure kasuan, patata, azenarioa, arrautza, maionesa, eta guk hegaluze pixka bat botatzen diogu. Ozpinetakoren bat jartzen diogu, baina entsaladilla gainean, topping gisa, nahi dutenek nahasi eta gustuko ez dutenek alderatzeko. Ez du sekretu berezirik, elaborazioak bai, ordea.
Fina, krematsua, gorputza duena... nolakoa da "Ensalamiña"?
Entsaladilla osagaien erabilpenaren araberakoa da. Guk Hellmann's maionesa erabiltzen dugu. Salmonellosia dela eta, ziurtasun gehiago ematen digu. Baina maionesa hori gure egiten dugu, hau da, eraldatzen dugu, arinagoa eta krematsuagoa izan dadin.
Hori da sekretuetako bat...
Bai, beste batzuekin batera. Patatak eta azenarioak koadro txiki finetan mozten ditugu, patatek eta azenarioek egosketa denbora bereziak dituzte...
Noiztik duzue entsaladilla kartan?
Duela seizazpi urte kartan dugu, eta pintxo gisa ere ateratzen dugu. Bat eredu gisa barran jartzen dugu, eta eskatzen digutenean momentuan prestatzen dugu; entsaladilla maneiatzeko modurik egokiena da.
Nafarroako I. Entsaladilla Lehiaketako astean dastatu zitekeen, ezta?
Bai, aste horretan entsaladilla barrara atera beharra genuen. Egia esan, harrera ona izan zuen.
38 entsaladilla aurkeztu ziren txapelketara. Irabaziko zenutela espero zenuten?
Gehienak Iruñerrikoak ziren, Lizarrakoren bat, gu... Guk uste dugu gurea entsaladilla ona dela, horregatik aurkeztu ginen, baina ez dakizu zein punturainokoa den. Aurkezten zarean, aukera izango duzula uste duzu, baina Iruñeko ostalaritza establezimendu nagusienak bertan ikusten dituzunean pentsatzen duzu: baina hauen ondoan nola irabaziko dut...
Aurkezpenak apartekoak al ziren?
Txapelketaren oinarrietan entsaladilla aurkezteko espazioa zehazten zen, plater txikia, 5x5ekoa. Espazio txiki horretan gure entsaladilla ahalik eta hobekien aurkezten saiatu ginen. Entsaladilla zen oinarria, entsaladilla zirkulua, eta gainean ozpinetakoak jarri genizkion: pepinoa, azeitunak... Zaporea eta kolorea emateko izokin arrabak jarri genizkion, eta Kaixoko tipulin more txikia, ozpina, gatza eta erremolatxa zukuarekin prestatzen duguna. Bukatzeko, ogi kurruskaria gaineratu genion.
Eta sekulako arrakasta lortu zuen.
Lehiaketaren lehen fasean epaimahai herrikoia zegoen, eta bigarrenean epaimahai profesionala, gastronomia kazetariek osatutakoa. Lehen fasean epaimahai herrikoiak gure "Ensalamiña" onena zela erabaki zuen, aho batez. Eta horrek ilusio handia piztu zigun. Izan ere, norbait entsaladilla txapelketa batean epaimahai herrikoi izatera animatzen bada, argi dago entsaladilla oso gustuko duela. Beraz, epaimahai herrikoiak gure entsaladilla aho batez hautatzea oso pozgarria izan zen. Bigarren fasean, epaimahai profesionalen artean estuago egon omen zen txapelketa, baina irabazi genuen eta oso pozik gaude.
Zorionak jasotzen ari zarete handik eta hemendik. Entsaladilla txapelduna dastatzera jende asko hurbilduko zaizue.
Saria asteartean jaso genuen, eta gau horretako afari guztietan entsaladilla eskatu zen. Halakoak gara, produkturen batek zerbait irabazten badu, denok goaz hura dastatzera. Gure entsaladillak seizazpi urte daramatza kartan, eta badirudi txapelketa irabazi duelako hobea dela orain, zapore hobea duela, nahiz eta betikoa izan. Halakoak gara.
Hemendik aurrera agian txapelketa gehiagoetara aurkeztera animatuko zarete.
Nork daki! Txapelketa batera lehen aldiz aurkeztu gara eta irabazi dugu. Zergatik ez? Entsaladilla txapelketara, kroketa txapelketara eta halakoetara agian ez da horren zaila aurkeztea, eguneroko produktuak direlako eta ez zarelako zure errutinatik asko ateratzen, baina Pintxoaren Astea beste gauza bat da. Maila izugarria da, sukaldariek ahalegin handia egiten dute, dedikazioa erabatekoa da, eta ontziteriatik hasita, elaborazioarekin jarraitu eta akaberara arte, esfortzu handia dago horren guztiaren atzean. Uste dut jendea ez dela kontziente txapelketa horretarako pintxo berezi eta berri bat prestatzearen atzean dagoen lanaz eta dedikazioaz. Denbora asko eskaini behar zaio.
Entsaladilla onenaren saria lortzea garrantzitsua izango da.
Bai, satisfazio handia. Saria baino gehiago, jasotzen duzun aitortza, egiten ari zarena ongi dagoenaren aitortza. Hori da garrantzitsuena.
Hemendik aurrera, entsaladilla mordoa prestatu beharko duzue.
Asteburu honetan nabaritu da. Entsaladilla txapelduna denez, probatzera animatu dira bezeroak. Eta horretan gaude.