Nafarroako Gobernuaren DNA programaren helburuetako bat dantza garaikidea sustatzea eta zabaltzea da, eta xede horrekin egoitzak antolatzen ditu herrialdean zehar. Horietako egoitza batean parte hartu du Olatz Larunbe dantzariak, eta irailean Iortia kultur gunean izan da Eten ez dena lana sortzen. Harekin batera Clarissa Costagliola, Maddi Muñoz eta Olaia Valle dantzariak izan dira. "Ikerkuntza prozesuaren barruan egon gara. Gehienbat alderdi fisikoa landu dugu, eta azken bi aste hauetan dramaturgia landu dugu; nola landu mugimenduarekin egin ditugun gauzak istorioa kontatzeko ahalegin horretan", azaldu du Larunbek. Egitasmoaren barruan, Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan dantza garaikideko ikastaroa eman zuen eta, urriaren 1ean, orain arte sorkuntza prozesuan egindakoaren erakustaldia egin zuten.
Dantza
"Txikitatik". Larunbe euskal dantzan hasi zen, gimnasia erritmikoa ere egin zuen, eta "betidanik" mugimenduarekin zerikusia zuten diziplinetan egon da; "ez dantza garaikidea, baina ballet egiten ere hasi nintzen...". Dantza garaikidearekin duela sei urte hasi zen, Laida Aldaz etxarriarrak zuzentzen duen Faktoria Coreography Centerren hasi zenean, "hor bi urtez egon nintzen ikasketak egiten, eta hortik aurrera audizioak egin nituen Bartzelonako konpainia batean sartzeko, eta orain hortxe lanean ere nago". Sorkuntza prozesuak, lan propioak eta konpainiako lanak uztartzen ditu dantzariak. "Aurten proiektu askotan nago, nire proiektuak sortzen, aurreko urtean ere dueto bat egin nuen eta biran gaude ere, eta aldi berean konpainia batean dantzaria naiz. Datak koadratzea zailena izaten da". Hurrengo astelehenean Eslovaquian egongo da, eta bi astetan Bruselan, "eta bat-batean bolo bat daukat Los Arcosen". Dantzariaren "zailtasuna" hori dela esan du, "ez dela zerbait finkoa".
Irailaren 1etik Altsasuko Iortia kultur gunean izan da, hiru dantzarirekin batera, Eten ez dena proiektua sortzen. "Aurretik sekulako lana dago: kontzeptua, dena antolatu... Baina dantzariekin Altsasun izan zen gure lehenengo elkargunea". Urriaren 1ean bukatu zuen egoitza, "entsegu ireki" batekin.

Lehenengo bi astetan "ikerketa lana" egin zuten: "Laurak dantzari profesionalak gara, eta bakoitzak bere lengoaia fisikoa dauka; lehenengo aste horietan gure elkarte arteko lengoaia zein zen ikusteko erabili genituen". Hitz egiten hasi ziren, "kasu honetan mugimenduarekin". Larunbek contact eta inprobisazioa lantzen ditu, gehienbat, "eta badaude printzipio batzuk teknika horietan, eta horiek landu behar dira". Hortik abiatuta eta inprobisazioetatik materiala "finkatzen" hasi ziren; pertsonaiak, rolak... "Poliki-poliki". Urriaren 1eko erakustaldia ez zuten bukatutako lan bat erakutsi, "oraindik ez dago estruktura finko bat, baina puzzlearen zatitxoak ikusten joaten dira". Uharte Zentroan egingo dute bigarren egoitza, eta bertan pieza sortzen jarraituko dute. "Apirilean izango da estreinaldia, eta gero Nafarroan zehar emanaldi gehiago izango ditugu. Estreinaldia Altsasun izatea espero dugu, nahi dugu".
Bitartekaritza
"Oso aprosoa iruditu zitzaidan mediazioa dantza eskolan egitea; 'link' zuzena dago"
DNA programaren barruan dantzariek bitartekaritzak egin behar behar dituzte: "Nolabait jendea dantzara gonbidatzeko edo jendeak ikus dezan zer ari den gertatzen bere herrian; baita dantzaren mundua goraipatzeko ere". Dinamika "asko" daude, "agian kafetegi batean sartu eta hor emanaldi bat egin", baina Altsasun Irantzu Gonzalez Dantza Eskola zegoela ikusita, "oso aproposa ikusi nuen joatea eta mediazio hori dantzaren inguruan dagoen jendearekin egitea. Hor badagoelako link zuzen bat". Irailaren 29an, dantza garaikideko klasean tailerra eman zuen Larunbek; "luxua" izan zela esan zuten parte hartzaileek. Bestetik, bitartekaritzaren barruan ere "entsegu irekia" egin zuen urriaren 1ean.