Ikasle Abertzaleak-ek grebara deitu ditu ikasleak

Guaixe 2025eko urriaren 2a

Palestinaren aldeko greba deialdiaren berri eman zuen IAk-ek. UTZITAKOA

Israeli boikot egitera deitzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko urriaren 2an kontzentrazioak egingo dituzte Ikasle Abertzaleek, tartean Altsasuko institutuaren sarreran. 

Euskal Herriko hezkuntza sisteman urriaren 2an greba egitera deitu du Ikasle Abertzaleak-ek (IA). Besteak beste, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan 11:00etan elkarretaratzea eginen dute. Sakanako IAk ikasleak Israeli boikota eta Palestinari babesa adierazteko mobilizazioan parte hartzera animatu ditu. "Palestinarren erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraitzea dagokigu, izan ere, gaur-gaurkoz, herri hori guztiz desagertu ez bada, estatu sionistaren kontra egindako borrokagatik izan da". Bertako egoera "larria" denez, IAko kideek adierazi dute horren aurrean geldirik geratzea ez dela aukera bat eta gazteek "presionatzen" segi behar dutela, esate baterako, antolatu duten grebaren bidez. Israeli boikot! Genozidioaren konplizeei bakerik ez! lelopean egin dute greba deialdia.

IAko kideek esan dutenez, "inoiz baino garrantzitsuagoa" da ikasleak ere mobilizatzea. "Israel Gazara sartzen ari da lurrez eta palestinarren egoera asko larritu da. Horren aurrean, Israeli eta bere konplizeei boikota egin behar diegu", azaldu du ikasle-antolakundeak. IAko kideek ohartarazi dutenez, "hamarkada luzetako zapalkuntzaren eta apartheidaren ondoren, herri palestinarra desagerrarazteko hautua hartu du" estatu sionistak, "eta ez da geldituko hori lortu arte, palestinarrak erailda edo lekualdatuta".

Horren kontra, ikasleek "Israelen suntsipena aldarrikatzea" beharrezkoa dela uste dute IAko kideek, "hori baita Palestinak bizirauteko duen aukera bakarra". Aldi berean, ikasle-antolakundeak "Israel zuritzen dutenen jarrera zein mezuak" eta "bi estatuen konponbidearen alde daudenak" seinalatu ditu ere. "Palestinar erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraitzea ere badagokigu ikasleoi", gaineratu dute: "Palestinar herria guztiz desagertu ez bada, palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan da".