Saskibaloia

CBASK-eko taldeek denboraldiari ekin diote

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 10a

Emakumeen lehen senior maila. CBASK

Senior mailako bi taldeek garaipenekin ekin diote 2025/2026 denboraldiari

2025/2026 saskibaloi denboraldia martxan da, eta ezin hobe hasi da Altsasuko CBASK saskibaloi klubarendako, bere bi talde nagusiek garaipena lortu baitute. 

Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan CBASK-ek Gazte Berriaken kontra jokatu zuen, Antsoainen, eta partida borrokatuan garaipen polita lortu zuen, 69-79 irabazita. Urriaren 10ean, ostirala, talde altsasuarrak Aranguren Mutilbasket hartuko du Zelandin, 20:00etan. 

Emakumezkoen lehen senior autonomikoan CBASK-ek arerio latza zuen, Navaske SF´Old. Hasieran parez pare ibili ziren taldeak, baina altsasuarrek aldea hartu zuten eta bukaeraraino aldea ongi kudeatu zuten, 48-58 irabaziz. Edurne Ormazabalek 21 puntu lortu zituen. Urriaren 11n CBASK-ek Navarro Villoslada A taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan. 

CBASK klubean pozarren daude. “Bueltan gara! Denboraldiari hasiera izugarria eman diote gure senior taldeek. Neskek garaipena txapeldunen etxean eskuratu zuten, eta mutilak, bestalde, Gazte Berriak-en aurka gailendu ziren” azaldu dute, sare sozialetan.