2025/ 2026 tenis denboraldia hasi da eta Tenis Rubor Klubean martxan daude. Berriki, urriaren 5ean, klubak 20 urte bete zituen. Horregatik, aurtengoa denboraldi berezia izango dela uste du Ricardo Cantero Fernandez presidenteak. "Klubeko hainbat kidek Roland Garros torneora joateko asmoa dugu, ospakizun gisa. Ea zenbat animatzen garen" dio Canterok.
Helduak eta haurrak
Tenis Rubor Klubak bi atal ditu: 16 urtetik gorako kluba, eta 16 urte bitarteko neska-mutilen tenis eskola. Helduekin talde txikietan lan egiten dute. Hastapeneko taldeko monitorea Aitor Flores da, hobekuntza taldekoa Ricardo Cantero, eta lehiaketa taldekoa Iban Chaparro. Sei tenislari daude talde bakoitzean, guztira hemezortzi. Tenis eskolan 16 urte bitarteko 42 neska-mutil trebatzen dira Aitor Flores eta Jon Plissonneau monitoreekin. Denboraldia "indarberrituta, gogotsu" hasi dutela nabarmendu du Ricardo Canterok.
Pista
Helduen eta gaztetxoen entrenamenduak Altsasu BHI-ko frontoian egiten jarraitzen du Tenis Ruborrek. Zelandiko tenis pistak aukera handiak eman dizkie; 16 urtetik gorako Sakanako Tenis Ranking-eko partida guztiak bertan jokatzen dira, eta federatu mailako bestelako partida eta txapelketak ere bai, tartean 35 urtetik gorako beteranoenak. "Altsasuko Zelandi tenis pista hobekuntza handia izan da, bestela ezingo genukeen federatutako partidarik jokatu, Sakanako Tenis Ranking-a ere ez. Sekulako aldea dago". Baina aire zabaleko pista denez, ezin dira bertan jarraikortasunez aritu, eta Altsasu BHI-n segitzen dute. "Horregatik, gure asmoa da indarra egiten jarraitzea Zelandiko pista estalia izan dadin. Institutuko pista ez da tenisean aritzeko guztiz egokia, baina ezin gara egiten duen eguraldiari begira egon, gaur Zelandin entrenatu edo Institutuan entrenatuko dugun erabakitzeko".
Sakanako Ranking-a, martxan
Ikasturte berriarekin batera, 16 urtetik goragoko 2025/2026 Sakanako Tenis Ranking-a martxan da. Urrian hasi, eta ekainera bitartean jokatuko da. 42 tenislarik eman dute izena, joan zen urtearen antzera. Ranking-ean hilean bi partida jokatzen ditu tenislari bakoitzak, eta emaitzen arabera sailkapenean gora edo behera egiten du, edo mantendu. "Adin guztietako tenis zaleei dago zabalik, eta helburua tenisa sustatzea eta jokalarien artean giro ona sortzea. Eta hala izaten da. Sakana guztiko tenislariak elkartzen gara, baita Gipuzkoako zenbait zaletu ere bai. Txapelketa polita da".
Joan zen urteko Rankingeko irabazlea Iñigo Zabalo izan zen. Sari polita jaso zuen, trofeoa, kirol-jertsea, kirol-ekipamendua eta Völk pilota potea. Bigarren sailkatuak, Jon Plissonneauk, kirol ekipazio osoa eta Völk pilota potea eskuratu zituen, eta hirugarren sailkatuak, Ricardo Canterok, Idiazabal gazta, ardo botila eta Völk pilota poteoa.
Irakasleak trebatu
Gaztetxoen tenis eskolan gustura dabiltza neska-mutilak. Maiatz aldera txapelketa jokatzen dute, ilusio handiz hartzen dutena. Sakandarrez gain, Araiako ikasleak daude. Ildo honetan, Tenis Ruborrek etorkizunera begira bi monitore berri trebatzeko ardura hartu du bere gain: Ainhoa Mazkiaran eta Saioa Rodriguez. "Interesa eta gogoa dute, eta klubak aurrera egin dezan hori da behar dena. Gainera, emakumeak ere irakasle izatea sustatu nahi dugu, emakumeek kirolean tokia izan dezaten".
Iban Chaparro, Zirkuituan ederki
Tenis Ruborreko Iban Chaparrok eta Jon Plissonneauk lan itzela egin zuten 36. Nafarroako Zirkuitu Absolutua-G3 Zuasti 2025 federatuen txapelketan. Hirugarren multzoko finalerako bidean, sakandarrak elkarren kontra lehiatu ziren finalerdietan, eta Iban Chamorrok lortu zuen finaleko txartela. Final estu eta borrokatuan, Chamorrok Gonzalo Ovejero izan zuen aurkari. Lehen seta Chamorrok irabazi zuen, bigarrena Ovejerok, eta bukaerako super tie-break-ean Ovejero gailendu zen, 10-7. Beraz, Chamorro txapeldunordea izan zen. "Meritu handia du, Iruñerrian tenisean sekulako maila dagoelako. Txiki-txikitatik jokatzen dute, tenis pistak dituzte eskura, eta guk, duela gutxira arte, ez dugu ezer izan. Beraz, Iban Zirkuituko txapeldunordea izateak meritu handia du" azaldu du Ricardo Canterok.

Eskolako txapelketako irabazleak
-Benjaminak: 2024/2025 Altsasuko Eskolako Tenis Txapelketan tenis eskolako 16 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu zuten. Benjaminenetan, Iñigo Ruiz de Erentxun eta Olaia Perez sailkatu ziren finalerako, eta lehena gailendu zen.

-Haurrak: Eskolako Tenis Txapelketako haurren mailako txapelketa borrokatua izan zen. Partida politak ikusi ziren. Azkenean, Unai Lizarraga eta Anuk Rodriguez sailkatu ziren finalerako, eta Anuk Rodriguez izan zen txapelduna.

-Kadeteak: Kadeteen mailako Altsasuko Udal Eskolako Txapelketa ere oso borrokatua izan zen. Izei Barandallak eta Andoitz Vergarak lortu zuten finalera heltzea. Bien arteko norgehiagokan Vergara nagusitu zen.

-Gazteak: Adinean gora eginez, tenis maila goraka doa eta aurreko denboraldiko gazteen mailako txapelketa horren isla izan zen. Gazteetan, Aimar Macia eta Urko Amillano iritsi ziren finalera, eta Amillano izan zen gailendu zena.
