Eskuin muturreko Falange Espainola taldeak Gasteizko Probintzia plaza aukeratu zuen urriaren 12an Hispanitatearen Eguneko ekitaldi nagusia egiteko. Hori jakinik, mobilizazio antifaxista deitu zuten, eta ehunka pertsona elkartu ziren. Gazte antifaxisten eta falangisten artean istiluak izan ziren, eta, batez ere, gazteen eta Ertzaintzaren artean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hemeretzi pertsona atxilotu zituen eta desordena publikoak eragitea egotzi diete guztiei. Atxilotuen artean altsasuar bat dago. Atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko Faxismoari aurre egin leloa duen kontzentrazioa deitu da urriaren 13rako, astelehena, 19:00etan, Altsasuko udaletxe parean.