Futbola

Altsasuk ezin izan zuen Beti Casedanorekin berdinketatik pasa

Guaixe 2025eko urriaren 15a

Altsasu preferenteko jokalariak. ALTSASU KIROL ELKARTEA

Gizonezkoen preferente mailako bosgarren jardunaldiak puntu bakarra utzi zuen Sakanan

Gizonezkoen preferente mailako bosgarren jardunaldian Altsasuk Beti Casedano taldea hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeen arteko partida oso lehiatua izan zen, eta nor baino nor aritu ziren biak. Beti Casedanoko Diego Apestegik talde bisitaria aurreratu zuen 13. minutuan. Altsasu partidari buelta ematen saiatu zen, 37. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak banakako berdinketa lortu arte. Atsedenaldiaren ondoren bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina ezin, eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia, 1-1. 

Preferente mailako lehen multzoko liderra San Jorge da (11 puntu). Altsasu da bigarrena (10 puntu). Seigarren jardunaldian urriaren 19an, igandea, sailkapenean hirugarren eta arerio zuzena den Infanzonesen kontra jokatuko du Altsasuk, 16:30ean, Obanosko Gazolaz futbol zelaian.