Iker Mintegi Claverrek bi denboraldi egin ditu profesional gisa Euskaltel Euskadin eta eskuadra laranjan beste bi urte ditu aurretik, kontratua berritu baitu. Laranjaz jantzita jarraituko du altsasuarrak, "oso pozik".
Beste bi urte Euskaltel Euskadin. Albiste onarekin despeditu duzu denboraldia.
Oso pozik nago etxeko taldean jarraituko dudalako. Bi urte daramatzat Euskaltel Euskadin, baina aurretik beste hiru urte egin nituen harrobiko taldean, Laboral Kutxan, afizionatuetan. Hasieratik argi nuen taldean jarraitu nahi nuela, taldeak ere argi zuen nik hemen segitzea nahi zuela eta oso erraza izan zen ados jartzea.
Taldetik esan dutenez, borrokalaria eta langilea zara, taldearen eredu.
Elkarrekin urte asko dira, eta taldeak nigan konfiantza du. Hitz politak dira.
Aurten iaz baino lasterketa gehiagotan aritu zara, Top20an egon zara sarritan, eta taldeko txirrindulari nabarmenetakoa izan zara.
Urtez urte aurrerapausoak ematen saiatzea da kontua, eta nik uste dut aurten pauso on bat eman nuela aurrera, bereziki maiatza arte: lasterketa askotan Top15ean sailkatu nintzen. Tamalez, arazo fisiko batzuek tarteko, ez dut udarik hoberena izan, eta ezin izan dut nire mailarik hoberena eman. Hala ere, taldeak konfiantza handia izan du nigan. Eskertzekoa da.
Lasterketetako ihesaldietan klasikoetako bat zara.
Bai, udako lasterketetan bereziki. Jakinda nire maila onenean ez nengoela eta ezingo nuela bukaeran aurrean egon, ihesaldietan sartuaz taldeari presentzia ematen eta ahal nuena ematen saiatzen nintzen.
Todoterrenoa zara. Ihesaldietan sartu zara, aurreko postuetan egon zara lasterketa askotan, estutu behar denean hor egoten zara ere bai. Non sentitzen zara erosoen?
Ihesaldiak beti gustatu izan zaizkit, baina Pro Tour mailako lasterketa gogorrenetan nire burua lasterketaren lehian ikusi dut, lehen hamar postuetan sartu ahal izateko aukerekin. Lasterketak gogorrak direnean, hor ikusten dut neure burua.
Aurten zein lasterketak markatu zaitu bereziki?
Andaluziako Itzulia esango nuke, baina emaitza ez zen ona izan, erori nintzelako. Hala ere, etapa baten borrokan ikusi nuen nire burua lehenengo aldiz, etapa garaipena lortzeko lehian. Bestalde, Itzulia eta gero apirila eta maiatzeko lasterketa guztietan lehenengo 15 eta 20 postuen artean egon nintzen: Grand Besançon Doubs-en, Doubseko Tourrean, Turkiako Tourrean, Hungariako Tourrean... Neure burua aurrean ikusi nuen.

Eta zapore gazia utzi dizuna?
Orokorrean, udako lasterketak, eta bereziki, Andaluziako azken etapa hori. Aurrean egotea, nire erruagatik eroriko bat izan eta lehian egotetik kanpo geratzea... une hori.
Itzulia bigarren urtez jarraian egin duzu. Zer du berezi?
Hasteko, World Tour mailako lasterketa dela, eta hori beste mundu bat dela. Guretako berezia da, etxeko taldeak etxean korritzea handia delako. Beti polita eta berezia da Itzulian aritzea, Marea Laranjarekin.
Euskaltel Euskadiren helburua UCI Rankingeko lehen 30 postuetan sailkatzea zen, postu horietan dauden taldeek lortu ahal dituztelako hiru proba garrantzitsuenen (Giroa, Tourra eta Vuelta) gonbidapenak. Tamalez, ez da helburua lortu, Euskaltel 33. baitago gaur egun.
Pro Tour taldeen rankinga urtez urtekoa da, ez da World Tourreko taldeena bezala, beraiena hiru urtean behin egiten delako. Guk ezingo dugu 2026an Vueltan egon, baina 2026an Rankingean lehen 30 taldeen artean klasifikatzeko aukera dugu berriz. Hurrengo urtea urte ona ateratzen bada, berriz lehen 30en artean sailkatzeko aukera izan dezakegula uste dut.
"Oporretan bizikleta albo batean uztea oso garrantzitsua da, deskonektatzeko eta denboraldi berria gogotsu hasteko"
UCIko Rankingean goian egoteko presio horrek txirrindularitzaren ikuskizuna bera kaltetzen duela diote txirrindulazale askok.
Ez nuke esango kaltetzen duenik, baina hobetzen duenik ere ez. Helmugan egiten duzun postuak ematen dizkizu puntuak; lehen agian soilik hamar txirrindularik esprintatzen zuten, eta gaur egun hogeita hamarrek, puntuengatik. Adibidez, Astanak txirrindulari batekin esprintatu beharrean hiru txirrindularirekin esprintatzen zuen lasterketa berean.
UAE Emirates taldearen nagusitasuna ikaragarrizkoa da.
Txirrindulari onenak dituzte, eta sekulako aurrekontua. Agian beste talde batzuetan lider izango liratekeenak bertan daude laguntzaile gisa. Horrela, normala da hainbeste garaipen eta puntu izatea.
2025 denboraldia bukatzear dela,burua 2026an duzue jada.
Nik duela hilabete pasa bukatu nuen denboraldia, baina entrenatzen jarraitu nuen. Orain oporretan nago; bi aste pasa daramatzat txirrindula ukitu gabe. Laster hasiko naiz berriro entrenatzen, 2026 urtea prestatzen.

Oporretan benetan ez duzu bizikleta ukitu ere egin?
Benetan. Badago gelditzen ez den jendea, baina ona da uztea. Urte guztia pasatzen dugu bizikleta gainean eta txirrindularitzan pentsatzen. Gainera, urtea nekatuta bukatzen dugu; bidaia asko dira, denbora asko etxetik kanpo. Beraz, burua eta gorputza deskonektatzeko ongi dator bizikleta alde batera uztea; garrantzitsua da, hurrengo urtea berriz gogotsu hasteko.
Udako arazo fisiko horiek gaindituak dituzu?
Bai, guztiz. Kontua da txirrindularitzan, edozein kiroletan bezala, %100ean egon behar duzula, eta gaixo jartzen bazara edo edozer baduzu, ezin duzula zure mailarik onena eman.
Nolanahi ere, urte ona izan da zuretako, UCIko txirrindularien rankingean 500 postu baino gehiago egin dituzu gora. Iaz 1.390. postuan zinen (34 puntu), eta aurten 889. postuan (71 puntu).
UCIko puntuetan gora egin nuela banekien, baina zein postutan nengoen ez.
Jorge Azanza zuzendariak urtero aurrerapausoak ematen dituzula adierazi du, baina txirrindulari erreferentea izateko oraindik tartea baduzula; pozik dago taldean segiko duzulako.
Herrikoak gara, betidanik ezagutzen dugu elkar eta urte asko daramatzat bere alboan. Hitz horiek eskertzen dizkiot. Bizikletan ateratzen gara askotan eta oso harreman ona dugu. Pablo Urtasun alboan dut ere bai.
Profesional hasi berritan, garrantzitsuena tropelean zure tokia aurkitzea dela esan zenuen. Toki hori aurkitu al duzu?
Gutxika aurkitzen noa. Ez nuke esango jada finkatuta nagoenik, baina ikusten dut lasterketa gogorretan nire lekua izan dezakedala, eta Pro Tour mailako probetan sailkapen orokorretan lehian egoteko aukera izan dezakedala.
Datorren denboraldirako zein sentsazio dituzu?
Onak, betikoak. Azken urteetan bezala, pauso bat ematen saiatuko naiz. Urte hasieran egin nuen bezala, lasterketen lehian egoten saiatuko naiz. Ahal bada urte osoan zehar lehen hamarretan egotea, hori litzateke xedea.
Lehendabiziko garaipena lortzeak pisua du? Presioa da?
Egia esan, ez da gehiegi pentsatu nahi dudan gauza bat. Iristen bada, iritsiko da.
Israelen kontrako eta Palestinaren aldeko Vueltako protestek munduari buelta eman diete.
Txirrindularitzatik kanpo garrantzitsuagoak diren gauzak badaude, protestatu beharrekoak. Vuelta mundu osoan ikusten da, bozgorailu handi bat da, eta normala da halakoetan aldarrikapenak egiteko aprobetxatzea. Bestalde, tropelean egunero norbait errepidera aterako ote zaizun beldur bazaude, ez zara eroso egongo. Txirrindulariak orduko 50 km-ko abiaduran ari garela kontuan hartuta, kontuz ibili behar da halakoekin. Bizikleta gainean bizitzak daude, eta aldarrikapenak zentzuarekin egin beharreko gauzak dira.
Gainontzeko txirrindulari profesional sakandarrak, Ailetz Lasa eta Igor Arrieta, lagunak dituzu. Nola ikusi dituzu?
Bakoitza bere kategorian eta arloan aurrerapausoak ematen ikusi ditut. Sakanan txirrindulari profesionalak egotea ona da.
Laranjaz jantzita segituko duzu. Uneren batean beste kolore batekin ikusten al zinen?
Egia esan, ez. Oso kontentu nago.
