Urriaren 11n jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen fasearen bigarren saioa, Mutiloako Arangureneko kultur etxean. 160 bertsozale bildu ziren saioa entzutera eta Idoia Granizo Uribarrena bertsolari altsasuarrak GUAIXE IRRATIA-n "oso saio gustagarria eta gozagarria" izan zela esan du. Granizorekin batera, sei bertsolari aritu ziren kantuan: Jabi Lezaun Landa, Sarai Robles Vitas, Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegieta eta Julio Soto Ezkurdia, eta Iratxe Legarra izan zen gai jartzailea. Julio Sotok irabazi zuen saioa, azaroaren 8an Leitzan jokatuko dden finalaurrekora zuzenean sailkatuz.
"Niretzat larunbateko saioa txapelketak egindako opari bat izan zen. Sarri ez da gertatzen halako oholtza batean eroso eta lagun artean kantatzeko luxua eta pribilegioa izatea". Ongi inguratuta egon zela kontatu du Granizok, "uste dut ongizate hori, oholtzan geneukan erosotasun hori entzuleek nabaritu zutela". Esan zutenaren eta altsasuarrari iritsi zaionaren arabera, "oso saio gustagarria eta gozagarria" izan zen, "esango nuke orohar; nik behintzat halaxe bizi izan nuen oholtza gainetik".
Granizo bosgarren sailkatu zen, 291 punturekin: "Akatsak akats uste dut oso gauzatxo politak utzi nituela zenbait lanetan". Hala ere, aitortu duenez, "nabari da oraindik diskurtso eta gorputz oholtzaratzearen zailtasunek dihardutela oholtzan eta bertsolaritzan". Gutxinaka buelta emateko "esperantza apurrarekin" lanean jarraituko du.
Sailkapena
Julio Sotok eskuratu zituen puntu gehien, 353. Haren atzetik Sarai Robles (338,5), Ekhiñe Zapiain (329,5), Jabi Lezaun (309), Granizo (291) eta Beñat Astiz (285,5) sailkatu ziren. Lehen fasea amaitu arte itxoin beharko dute sailkapenaren arabera hurrengo fasera pasatzen diren jakiteko.
Urriaren 18an, larunbata, segitu zuen txapelketak, Iruritan. Han aritu ziren Amaia Elizagoien, Endika Legarra, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Xabat Illarregi; gai jartzailea Ainhoa Larretxea izan zen. Illarregik lortu zituen puntu gehien, eta finalaurrekoetara sailkatu da.