"Parrandan maillota jantzita izatea da onena"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 20a

Peñen batzordeko kideak. Kuxkurtuta, ezkerretik lehena, Aroia. UTZITAKOA

Altsasuko peñek urteko azken agerraldia ferietan egin dute. Bazkariaren ondoren maillota banatu zituzten. Aroia Berastegi Fernandez de Garaialde y Lazkano peñen batzordeko kidea da. 

Ferietan ere peñakideak atorra jantzita kalean izan ziren. Peñen batzordeak festen aurretik festetako eta ferietarako kafeetarako izen ematea zabaltzen du. Aurten 406 altsasuarrek eman dute izena. Festetako bost egunetan egiten den bezala, larunbatean, lastailaren 18an, ere kafea hartzera elkartu ziren. Aurretik, peñen bazkarian 150 bat pertsona elkartu ziren. Bazkalburuan banatu zituzten maillotak. 

Zer da maillotaren kontua? 
Lehenik eta behin peñakideek argi utzi nahi dugu, maillota ez duela irabazten mozkor handiena hartu duenak. Baizik eta peñen egitarauan parte hartu duenak, peñen hainbat ekintza aurrera eramateko laguntzeko prest egon denak, peñetan apuntatuta dagoenak eta, jakina, saltseroa izan denak. Baina, garrantzi gehiago ematen diogu hasieran aipatutako horri, hau da, peñen parte izateari, parte hartzeari eta laguntzeari.

Zein koloretakoa da maillota?  
Bi maillot daude. Gaztearena urdina da, eta helduena horia.

Zerbait jartzen du maillotean?
Maillotean irabazlearen izena, abizena eta irabazitako urtea brodatzen dira.

Urtero maillot berria? 
Ez. 2005 urtetik maillot berak ditugu. Urtero, batetik bestera pasatzen da. Eta, esan bezala, urtero irabazlearen izena brodatzen da.

Nola erabakitzen da nori eman? 
Peñen batzordean erabakitzen dugu maillot horiaren irabazlea zein den. Maillot urdina nori eman erabakitzeko, batzordekoek izenak proposatzen ditugu eta herritarrek irabazlea erabakitzeko botoa ematen dute. Inkesta bat sortzen dugu eta sare sozialen bidez zabaltzen dugu.

Norbaitek bere aldeko kanpaina egin izan du?
Ez. Baina, egia da, noizbait hautagairen baten kuadrillako kideek kanpaina txikia egin izan dutela. Baina ez da askotan ikusten den zerbait.

Nola hartzen dute aitortza?
Orokorrean ondo hartzen dute. Baina egia da batzuk, zentzu positiboan, lotsatu antza sentitzen direla hasieran. Baina, azkenean, oso ondo hartzen dute.

Eta haien senideek?
Senideek ere ondo hartzen dute, azkenean batean, “polita” baita zure seme-alaba, anaia-arreba edo dena delakoa saltsera izatea.

Nork ematen dio maillota?
Peñetako kideek ematen ditugu maillotak ferietako bazkarian. Gutako batek mikrofonoa hartu eta maillotak banatzen ditu. Maillot horia zuzenean ematen dugu. Urdina, berriz, botoak eman direnez, boto gehien jaso duten lau pertsonak aipatu eta laugarrenetik lehenengora bakoitzak lortu duen botoen ehunekoa zein den esaten dugu. Aurten maillot horia Xabier Ramirez de Aldak eskuratu du eta urdina Naroa Bereziartuk.


Naroa Bereziartu eta Xabier Ramirez de Alda maillotekin. PEÑAK

Zenbat denboraz izanen da maillotaren jabe?
Maillota urtero banatzen denez, hautatutako pertsonek urte batez gorde beharko dute.

Parrandara maillota jantzita atera beharra du?
Onena parrandan maillota jantzita izatea da, bai, kar-kar-kar. Peñen batzordekoek, behintzat, hori proposatzen dugu.

Maillotak berarekin pribilegioren edo arduraren bat dakar?
Maillota izateak ez dakar pribilegiorik, baina egia da janzten duenak lagunen eta herritarren berotasuna edo goxotasuna nabaritzen duela.

Noiz hasi zen maillot banaketa?
Aurrenekoa 2005ean izan zen. Ferietako giroa gainbehera zihoan aurreko urteetan eta, pizgarri moduan, Ruben Imazi maillotak banatzearen ideia otu zitzaion. Maillotak Razesa dendan erosi zituen eta aurreneko "irabazleen" izenak Maribel Mazkiaranek brodatu zituen. Komiki bat ere atera zuten. 

Orain arte zeinek jantzi du gehien, gizonezkoek edo emakumezkoek?
Maillot urdina hamabitan mutilek jantzi dute eta zazpitan neskek. Maillot horia, berriz, hamaseitan mutilek, bitan neskek eta behin Moskatel kuadrilla mistoak eskuratu zuen. 2016an, berriz, peñen batzordeko Adrian Claverrek eta Ainhoa Ramirez de Aldak eskuratu zuten.  


Adrian Claver eta Ainhoa Ramirez de Alda maillotak jantzita. UTZITAKOA

Altsasuko peñek ferietan zer egin duzue?
Ostiralean, lastailak 17, haurren txokoa, puzgarriak eta txokolate jana izan ziren.  Larunbatean, lastailak 18, berriz, bazkaria, kafea, maillot banaketa, eta txarangaz lagunduta elkarte poteoa. Iluntzean peñen jaitsiera egin genuen eta gauerdian igoera.

Jendeak bat egiten du peñen deialdiarekin?
Ferietan herriaren erantzuna nahiko handia izaten da. Azkenean, festen seigarren egun baten antzeko izan daiteke, eta jendeak gogotsu hartzen du. Egun osoko egitaraua dugunez, erantzuna positiboa da. Gainera jendeari asko gustatzen zaio elkartepotea eta bitartean egiten diren jolasak. Peñek sortzen dugun giroa oso familiarra da. Hori indartzeko eta eguna politagoa izateko, elkartepoteoan jolasak egitea proposatu zen. Horren erantzuna oso polita izan zen.

Nork bere atorra prest izaten al du?
Jendeak festetatik dena prest dauka!!!

Jendeak zergatik parte hartu beharko luke peñen egitarauan? 
Peñetan sortzen den giroa izugarria delako. Azkenean festak herritik eta herriarentzat dira, horren harira, peñetara apuntatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Herrian kafeak, txaranga, merienda, elkartepoteoa izateko, garrantzitsua da peñetan izena ematea.