Sakana Harrera Haranak deituta, Genozidioa stop! Amerikako Estatu Batuak, Europa, hiltzaileak leloa zuen manifestazioa egin zen Altsasun larunbatean. Haren akaberan Altsasun bizi den emakumezko palestinar batek hartu zuen hitza. Adierazi zuenez, "gure ondoan egon ez bazinate, gerra ez zen bukatuko. Zuen ahotsek, manifestazioak, grebek eta gizatasunak mundua Palestinara eta Gazara begiratzea behartu zuten. Gerraren akabera ez da garaipen militarra izan, baizik eta zuek bezalako herri libreek gidatutako garaipena".
Palestinarrak gaztigatu zuenez, "bonbardaketak despeditu badira ere, gure sufrimendua ez da bukatu. Okupazio sionistak egunero txikitzen gaitu, eta kontrolek gure herria blokeatzen dute, etxeetara, lantokietara edo ospitaleetara iristea eragozten dute".
Gogoan izan zituen Israelgo kartzeletan preso dauden 10.000 palestinarrak. "Haietatik 4.000 epaiketarik gabe daude preso, eta 500 haurrak dira. Egunero torturatzen dituzte, mediku zabarkeria dute eta oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiete".