Futbola

Altsasu esku hutsik itzuli zen Obanosetik

Guaixe 2025eko urriaren 21a

Preferente mailako seigarren jardunaldian Infanzonesen kontra galdu zuen Altsasuk

Gizonezkoen preferente mailako seigarren jardunaldian Altsasuk Obanosen jokatu zuen Infanzones taldearen kontra. Altsasuko feriak tarteko, igandea ez zen altsasuarrendako partida jokatzeko egun egokiena izan, baina aitzakiarik ez da jarri behar. Bi taldeek bigarren postua zuten jokoan, eta nabaritu zen. Partida hasi berri, 13. minutuan Infanzones aurreratu zen. Altsasu buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Bigarren zatian joera bera izan zuen partidak. 48. minutuan Infanzonesek bigarren gola sartu zuen eta Altsasuri maldan gora jarri zitzaion partida. Saiakera guztiek huts egin zuten eta 2-0 galduta itzuli ziren altsasuarrak. 

San Jorge da preferente mailako lehen multzoko liderra (14 puntu). Bigarren Infanzones jarri da (11 puntu) eta Altsasu bosgarren postura jaitsi da (10 puntu). Zazpigarren jardunaldian, Altsasuk sailkapenean zazpigarren den Mutilbera B hartuko du urriaren 26an Dantzalekun, 12:30ean.