Futbola

Altsasuk puntu bat gehitu du

Guaixe 2025eko urriaren 21a

Emakumezkoen hirugarren mailako bosgarren jardunaldian 3-1 aurreratu zen Altsasu, baina Huartek buelta eman zion eta berdinketarekin despeditu zen lehia

Emakumezkoen hirugarren maila kategoria erraza ez dela argi dago. Altsasuk Huarte hartu zuen urriaren 19an Dantzalekun eta bi taldeek gogo eta grina handia erakutsi zuten. Partida hasi eta berehala, lehen minutuan Eider Vicentek Altsasu aurreratu zuen. Minutu horietan bikain aritu ziren gorritxoak, eta 13 minutu beranduago Maddi Mariñelarenak bigarrena sartu zuen. Abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, ordea, Huarte 2-1 gerturatu zen 63. minutuan. Altsasuk ongi erantzun zuen, 2 minutu beranduago Laida Garziandiak 3-1 aurreratu baitzuen Altsasu, baina partidaren azken aldean Huartekoek partidari buelta ematea eta hiruna berdintzea lortu zuten. Puntu bati eutsi zion Altsasuk, baina euren lehen garaipena litzatekeena ospatzeko gogoz geratu ziren jokalari gorritxoak. 

Sailkapenean Osasuna B Fundazioa da liderra (15 puntu), Mulierrekin puntutara berdinduta. Altsasu hamargarren da (2 puntu). Seigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Mutilvera izango du aurkari azaroaren 2an, Arangurenen.