Sakanako pentsiodunen mugimenduko ordezkaritzak Madrilen deituta zegoen manifestazioan parte hartu zuten lastailaren 25ean, larunbatean. Estatuko pentsionisten sei mugimenduk deitu zuten mobilizazioa, tartean Euskal Herrikoak.
Gaurko eta etorkizuneko pentsiodunendako eskaerak plazaratu zituzten. Alde batetik, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea gutxieneko pentsioa, eta hori bataz besteko soldataren %60 izatea. Bestetik, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin bukatzea eskatu zuten. Legea bete eta Gizarte Segurantzaren kontuen auditoretza egitea ere exijitu zuten. Mugimenduko kideek Madrilen eskatuko dute pentsioen balioa Kontsumo Prezioen Indize errealaren arabera handitzea. Pentsioa pribatizatzearen eta enplegu pentsio planen kontra ere egin zuten. Gainera, erretiratzerakoan 40 urteko kotizazioa dutenei zigorrik ez jartzea eskatu zuten. Azkenik, armamendurako eta gerrarako euro bakar bat ere ez bideratzea exijitu zuten.