Zortzi kaletan hobekuntza lanak eman ditu Altsasuko Udalak

Guaixe 2025ko urr. 30a, 09:00

San Pedrokobide kaleko urbanizazioa aldatu eginen da. UDALA

Argiteria publikoan eta Baratzekobide plazako jolas parkean ere hobekuntzak eginen ditu

Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak zortzi kaletan hobekuntza lanak egiteko ardura Xcava Obras y Servicios SM enpresari eman dio. Lanen truke enpresak 302.481,19 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, lanak lastailaren akaberan edo azaroaren hasieran hasiko dira eta heldu den urteko lehen lau hilekoan bukatu.

Lanetako bat Zelai txiki kalean eginen da. Eskolako sarrera parean dagoen oinezkoendako pasabide goratua kendu eta berria eginen da. Bestalde, Zelandi kalean, osasun etxe pareko espaloiak berrituko ditu udalak. Euri urak jasotzerakoan arazoak konpontzeko bi lan eginen dira. Bata Zelai kalean, Zelai txiki kaleko bidegurutzea baino lehen dagoen zebrabide goratu baten ondoan. Han euri urak jasotzeko erretena jarriko dute. Ermita kalean, berriz, zorua jaso eta euri ura jasotzeko erretena jarri eta hura saneamendu sarearekin lotuko dute.

Horretaz aparte, San Joan kalearen Altzania eta Burunda kaleen arteko tartea asfaltatuko du, 1.300 metro karratu zehazki. Bestetik, Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzearen ondoan, ONCEko kioskoaren inguruan dagoen belardi sareta kendu eta baldosa jarriko da. Egitekoen artean dago ere San Pedrokobide kaleko urbanizazioa birmoldatzea. Espaloiak zabaldu eta asfaltoa berrituko dute.

Iortia plazara daramaten Solana kaleko espaloietako porlana beste bategatik aldatuko du 475 metro karratutan. Azkenik, Ameztiako errepiderako sarbidean, ubeldearen ezkerraldean, gerrietua izan zen eta babes hesiak behera egin zuen. Errepideko babes hesiari ongi eusteko harri lubeta eginen du udalak.

Gehiago
Altsasuko Udalak argiteria publikoko hainbat tokitan argi puntu berriak jarriko ditu. Zehazki Egubera, Lapurbide, San Pedroko Bidea eta Beheko Benta kaleetan jarriko dira argi puntu berriak. Lan horiengatik udalak 24.622 euroko (BEZik gabe) ordainduko ditu. Lanak aurten eginen dira. Bestetik, Zelandi eskola eremura sartzeko ate nagusia aldatuko du udalak. Egiteko horretara 12.008 euroko (BEZ barne) bideratu ditu udalak. Azkenik, Zelandi frontoiko sabaia berritzeko lanak 53.870 euroko (BEZik gabe) kostua dute. Lanak egiten ari den enpresari obra bukatzeko epea luzatu dio udalak.

Baratzeko bide plazan dagoen haurren jolas parkea estaltzeko lanak Maderplay SM enpresak eginen ditu. Hala erabaki zuen Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Enpresak lanaren truke  51.500 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Udalaren aurreikuspena da lanak azaroan hasiko direla. Beraz, neguan, euria egiten duenean, haurrek bertan jolasteko aukera izanen dute.