Astekaria

"Indar askorekin hartuko ditugu datozen erronka berriak"

Maider Betelu Ganboa 2025ko urr. 29a, 12:30

Adrian Claver Alba Dantzaleku Sakana atletismo klubeko presidentea.

Onddo lasterketa bikaina prestatu eta gero, abenduaren 21ean Dantzalekun jokatuko den Nafarroako Kros Luzea eta San Silvestrea ditu aurretik Adrian Claver presidente duen Dantzaleku Sakana atletismo klubak

Dantzaleku Sakana atletismo klubak larunbatean Altsasun antolatutako XVI. Onddo Lasterketa arrakastatsua izan zen erabat. Parte hartzea, ikusgarria, sortutako giroa, ederra, eta antolatzaileak pozik, Adrian Claver Alba klubeko presidentea batez ere, lasterketako aldaketek harrera ona izan zutelako eta bera lasterketan bigarren sailkatu zelako, lehen sakandarra. 

Onddo lasterketa, primerakoa.
Dena oso ondo atera zen, eguralditik hasita. Horrek asko laguntzen du beti. Aurtengo berrikuntzak jendeak nola hartuko zituen zalantza asko genituen, baina emaitza eta harrera ikusita balorazioa oso positiboa da.

Zenbat jendek hartu zuen parte?
Helduen korrikako proban 160 pertsonek, oinezko martxan 150ek eta Eskola Arteko Krosean 70-80 inguruk. Ia 400 partaide, datu onak dira eta oso pozik gaude. 

Aldaketak aipatu dituzu. Lehenengoa, izena ematea aurretik egin behar zela, online.
Hasieran jende gutxik eman zuen izena, 30 pertsona inguruk, baina Onddo lasterketako kamisetaren kartela atera genuen egunean 80-90 animatu ziren, eta hurrengo egunetan gehiago.

Beste aldaketa garrantzitsu bat izan da aurten korrikalarien denborak hartu dituzuela, sailkapena egiteko. Orain arte ez zen egiten.
Azkeneko urteetan korrika egiten zuen jendeak haien denbora jakitea eskatzen zuen. Gure proba lehiakorra ez izan arren, jendea ahalik eta hobekien egitera ateratzen zen, eta aurrean ateratzen zirenak topera ateratzen ziren. Eskakizun hori ikusita, denborak hartzeko unea zela pentsatu genuen. Momentuz jaso ditugun iritziak positiboak izaten ari dira. Probaren egunean jendea oso pozik zegoen, eta jendea zoriontzera hurbildu zaigu.

"Onddo lasterketan  partaideen %50 emakumeak izan dira, lorpen handia"

Sailkapena egon ala ez, beti egongo da oso lehiakorra den jendea, topera aterako dena, eta lasaiago ateratzen dena. 
Hori zen guk ikusten genuena, sailkapena egoteagatik (Dantzaleku Sakana webgunean dago ikusgai) gure probak ez duela izaera herrikoia galduko. Gurea lasterketa oso herrikoia da, eta oso herrikoia izaten jarrai dezala nahi dugu. Horren isla, partaideak gehienbat sakandarrak ziren, altsasuarrak bereziki. Oso positiboki baloratzen dugun beste faktore bat emakumeen parte hartzea izan da.

Oso handia izan omen da. 
Hiru probak kontuan hartuta partaideen %50 emakumeak izan ziren, eta helduen lasterketan emakumeak gizonak baino gehiago ziren. Eta berdin antolakuntzan. Hori guretako sekulako garaipena da, kirolean emakumearen presentzia oso garrantzitsua baita. Sailkapena egiten bagenuen emakume gutxiago animatuko ote ziren, halako aipamenak iritsi zitzaizkigun, eta guk ezetz defendatzen genuen, badirela topera ateratzen diren emakumezkoak, gizonezkoak bezala. Zifrek arrazoia eman digute, eta pozik gaude.

Proba herrikoia izatearen beste arrazoietako bat distantzia da, 7 km nahiko eramangarriak direlako.
Bai, distantzia oso erosoa da, edonork egin ahal izateko aproposa, eta ibilbidea herrikoia ere bai, egunero paseatzen dugun bideetatik delako.

Gizonezkoetan, Asier Gutierrez iruindarrak irabazi zuen, zure eta Aritz Etxeberriaren aurretik. Emakumezkoetan Maalen Beraza gailendu zen, Aurkene Arocaren eta Aitziber Etxeberriaren aurretik. Atzetik Sakana erdia sailkatu zen.
Hori da (kar-kar)! Lasterketa polita izan zen. 

Oinezko martxakoak iristen hastearekin batera Eskola Arteko Krosa hasi zen. Haurrek dena ematen dute eta hobekien pasatzen dute.
Gehien disfrutatzen dutenak haiek dira. Beti esaten dugu: talde honek zentzua dauka atletismo eskola dugulako. Haurrek disfrutatzea eta gure kirolarekin gozatu ahal izatea, hori da garrantzitsuena. Halako probetan, xumeak izan arren, izugarri disfrutatzen dute.

Bukaeran, auzate ederra.
Hiruon harategiak salda eta txorizoa prestatu zigun, Gautxori tabernak saltxitxak, eta guk bestelakoak jarrita, guztiok elkarrekin disfrutatzeko hamaiketako polita prestatu genuen. Electricidad Ramos, Gautxori eta Iker Kirolak gure ohiko babesleez gain, aurten Sakana Group kooperatibak lagundu nahi izan du. Lehen sakandarren saria sustatu du, helmugako arkua jarri zuen eta dirulaguntza eman digu. Guztiekin eskertuta gaude.

Ferietako larunbateko goiza ederki girotu zenuten.
Bai, gure probak giroa jartzen du. Uste dut ferietako egitarauari mesede handia egiten diogula.

Urtero onddo saskiak zozketatzen dituzue; aurten ezinezkoa izan da.
Onddoak lortzen saiatu ginen, eta ez bakarrik hemen. Katalunian eta Sorian galdetu genuen ere bai, baina ez dago onddorik.

Azkenaldian jokatu diren lasterketetan Dantzaleku Sakanako kamiseta urdin asko ikusi dira. 
Aspaldi ez ziren Dantzalekuko kamisetak ikusten. Batetik, aspalditik ez zirelako berritzen, eta bestetik, taldearekiko lotura hori galtzen ari zelako. Junta berrian faltan botatzen genuen hori. Ekipazio berriak abuztuan banatu genituen eta irailetik aurrera Dantzalekuko kamiseta urdin pila ikusten ari dira. Oso pozik gaude. Azaroaren 9an Nafarroako Taldekako Mendi Lasterketen Txapelketa jokatuko da Arronizen, eta emakumeetan eta gizonezkoetan taldeak osatzea lortu dugu. 20 korrikalari inguru joango gara, gero bazkaria egingo dugu... taldearen esentzia berreskuratzen ari gara, eta oso pozik gaude. Helduen entrenamenduekin hasi gara berriz. Harrera oso ona izan dute, maila guztietarako entrenamendu gidatuak direlako. Astelehenetan 18:00etan eta ostegunetan 18:30ean izaten dira, Dantzalekun. Klubak 170 bazkide inguru ditu, martxa onean gaude.

"Taldearen esentzia berreskuratzen ari gara, eta oso pozik gaude"

Abenduaren 21ean Nafarroako Banakako Kros Txapelketa luzea jokatuko da Dantzalekun.
Txapelketak ilbeltzean izaten ziren, baina aurten federazioak aurreratzea erabaki du, urte naturalean bukatzeko. Klubak sarritan antolatu izan du Nafarroako Kros Txapelketa, Dantzalekun eremu oso egokia dugulako. Korrikalariek beti esaten digute Nafarroan dagoen ibilbiderik politena gurea dela, eta izugarri disfrutatzen dutela. Benetako krosa dela, basoan jokatzen delako. Aurten Onddo Lasterketan ez ditugu onddoak izan, baina espero dugu Nafarroako krosean lokatza izatea.  Aste honetan bertan Onddo lasterketaren balorazioa egin eta Nafarroako Kros Luzea eta  San Silvestrea prestatzeko lehenengo bilera egin dugu. Aurretik, abenduaren 8an, Zubeztia lasterketaren antolakuntzan lagunduko dugu. Abendua bete-betea dugu.

Dantzaleku atletismo eskolak denboraldiari ekin dio. Zer moduz?
Fermin Askargortak eta Aitor Mendozak jarraitzen dute monitore, eta aurreko urteetako ikasle kopuru antzekoa dute, ongi. Oraindik gaztetxo gehiago animatuko dira, ziur. Monitoreak pozik daude, maila guztietan taldeak atera direlako. Aurten, berrikuntza gisa, teknifikazio saioak egingo ditugu txapelketetara joaten diren helduagoekin. 

Dantzaleku eskolako mendi taldeak oso emaitza onak izan zituen iaz.
Bai, taldeak segitzen du,  izugarrizko gogoekin. Pista, krosa... guztia entrenatzen dute, oinarri hori behar dutelako, baina argi ikusten da gehienek mendi lasterketen bidetik joan nahi dutela. Ez dakit moda kontua den edo trailek indar asko duten, baina gehienek hortik jo nahi dute.

Animo datorrenarekin.
Lehenengo urte honetan juntan oso lanpetuta ibili gara, gauza asko eguneratu eta moldatu nahi genituelako. 2026. urtea aire eta lasaitasun gehiagorekin ikusten dugu, gure oinarri propioa jarrita dugunez, erronka berriak indar askorekin hartuko ditugulako. Gure korrikalari helduei eta eskolakoei ahal dugun guztia eskainiz, hobetzen joatea da asmoa.