Astekaria

Altsasuko I. Zumbathoi Solidarioan bildutakoa jaso du Saray-k

Maider Betelu Ganboa 2025ko urr. 28a, 09:52

Jaione Palomo, Altsasuko Zumbathoi solidarioan jasotako laguntza Saray elkartera ematen. SARAY

Bularreko Minbiziaren Nafarroako Saray Elkartearen alde antolatutako ekimenean 3.800 euro lortu ziren

Urriaren 11n bularreko Minbiziaren Aurkako I. Zumbathoi Solidarioa antolatu zuen Jaione Palomo zumba monitoreak Zelandin. Jaione Palomo, Itziar eta Mayra Palop monitoreen esanetara gustura aritu ziren ekimenean parte hartu zutenek, eta Zelandi kolore arrosaz margotu zuten. Halaber, ekimenean Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako kideek parte hartu zuten, euren dantza eta koreografiak aurkeztuz. Bularreko Minbiziaren Nafarroako Saray Elkarteak postua jarri zuen, zozketak antolatu ziren eta ekimenean 3.800 euro bildu ziren. Jaione Palomok berak eraman zuen txekea Saray elkartera urriaren 21ean. 

Guztiz eskertuta daude Saray elkartekoak. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, bihotzez, Altsasuko I. Zumbathoi Solidarioan parte hartu zuten guztiei, laguntza babesa eman zuten komertzioei eta harmailak energiaz, pozez eta elkartasunez bete zituzten ikusleei. Egun harrigarria izan zen, erritmoz, irribarrez eta giro ederraz betetakoa. Eskerrik asko posible egiteagatik” azaldu dute.