Astekaria

Sakanako artearen leihoa

Guaixe 2025ko urr. 28a, 11:16

Arte Azokaren mustutzea urriaren 17an.

Hamalaugarren urtez Artebide Sakanako artisten elkarteak Arte Azoka antolatu du Iortia kultur gunean. Azaroaren 9ra arte egonen da ikusgai arte diziplina desberdinez osatutako erakusketa kolektiboa. Bertako eta artista gonbidatuen lanak ikus daitezke.

Duela hamalau urte Manolita Thunders artista altsasuarrari Altsasuko ferietan nekazaritza eta artisau produktuen azoka eta ganadu erakusketak egiten diren bezala, Sakanako artisten lanekin azoka bat egitea bururatu zitzaion. Horrela sortu zuten, lehenbizi, Artebide elkartea, eta Arte Azoka, ondoren. Sakanako artisten erakusketa kolektiboa da Arte Azoka, eta azaroaren 9ra arte ikusgai izanen da, Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan. Gainera, ferietako igandean artea kalera atera zuten eta artistek haien lanen azoka egin zuten ere, hori izan baitzen hasierako jatorria. Dagoeneko ferietako ohiko ekimena bihurtu dira. 

30 bat artisten lanak ikus daitezke urriaren 17an mustu zuten erakusketan. Mustutze ekitaldian artistekin hitz egiteko eta artelanen azalpenak izateko aukera izan zen; ekimena DJ Sevillanok girotu zuen. Sakanako artisten eta publikoaren arteko topaketa izan ohi da. 

Arte Azokan erakusten diren artelanei dagokienez askotarikoa dira, bai diziplina bai teknika bai genero aldetik: pinturak, material desberdinekin egindako eskulturak, instalazioak, argazkiak, ikus-entzunezkoak... Palestina ere presente izan da zenbait artelanetan. Helburua da "artearen azken joerak jasotzea eta hainbat arte proposamen zabaltzea", Sakanatik atera gabe. 

Artistak
XIV. Arte Azokan parte hartu duten artistak: Beatriz de la Vega Salinas, Jesus Vera, Joseba Salegi, Patricia Paats, Helena Santano Cid, Marijostai, Lali Burgoa, Jule Costa Mendia, Maite Miguel Zufiaurre, Mikel Montesinos, Sagri Mauleon Ezkutari, Jesus Mari Olmos Amillano, Argine Berastegi Lizarraga, Carlos Rivera Lauria, Cristina Fernandez, Kafe Blanco, Rosa Arnanz Zufiaurre, Josetxo Crespo Zulet, Koldo Arnanz Zufiaurre, Ana Goikoetxea Salazar, Jose Mari Morcillo Morkots, Txali Poyo, Sara Pinto, Hoskai Elola Goikoetxea, Emilia Centeno Patiño, Irantzu Garcia Aguirre eta Cabeza de Artista. Gainera, Gillermo Olmo, Eduard Casademont, Maitane Lizarraga Moreno, Javier Perez Fabo, Andoni Egurza, Yoli Dominguez Garcia, Leire Saitua, Vivi Ann, Maite Marquez Peña, Carola Rousso, Fabro Tranchida eta German Urra Ortigosa artista gonbidatuen lanak ikus daitezke ere. 

Erlazionatuak