Ohean lotan zegoela elizaren ezkilak entzun "zazpi ziren", eta bat-batean poema "atera" zitzaion Beatriz de la Vegari, "osoa eta errimarekin". Ez zen bakarra izan, eta duela hiru bat urte sarean sortutako blog batean idatzitako poemak paperera eraman ditu Versos brutos liburuan. Hasiera batean liburua Palabras para convertirme en gata deitu behar zen, poemetako batean katu bihurtzeko sekretuaren inguruan hitz egiten baitu, baina azken aldian idatzitako poemak "hain basatiak" zirenez, eta horrela uztea erabaki zuenez, izenburua aldatzea erabaki zuen. Poemetako batzuk "oso basatiak edo kalekoak" diren arren, beste batzuk "mistikoagoak" direla azaldu du idazleak; "horretarako espazioa ere badago; ez dut magiari buruz zuzenean hitz egiten, baina askotan bizitzaren ikusmen magikoago bat dago: sorginkeria, transformazioak, katuak, izpirituak...".
Poesia liburuarekin "trilogia antzeko bat" osatu du: Lehenengo Pedro Salinas Arregui aitonak bere memoriak idatzi zituen; gero amak, Beatriz Salinas Martinez de Ordoñanak, bereak idatzi zituen Memorias liburuan jaso zituztenak, "eta orain nik nireak idatzi ditut". Memoria "desberdinak" direla aipatu du De la Vegak, "baina gauza autobiografiko asko" daude. Hiru liburuak elkarrekin dituenez eta hirurak argitaletxe berdinarekin publikatu dituenez, "trilogia bat osatu dut". Itxi gabeko trilogia? "Ikusiko dugu zer gertatzen den". Momentuz, poesia idazten jarraitzen du ere. "Tartean gauzak ateratzen dira". Liburua ez ezik, buruan ere film bat duela esan du altsasuarrak.
Versos brutos liburua autopublikazio bat da, eta idazleak berak saltzen ditu (Selvas Magicas - @basokomari sare sozialetan edo etxean); dagoeneko beste tirada bat eskatu behar izan du. Arte Azokan liburuarekin zerikusia duen instalazioa sortu du ere.
Nola sortu zen liburua idaztearena?
"Poemak idatzi nituenean behar bat bezala izan zen, ez nuen publikatzeko egin"
Duela hiru urte inguru idatzi nituen poesia bilduma bat da, idatzi ditudan zenbait berrirekin batera. Interneten blog bat nuen, eta hasiera batean bertan gelditu behar ziren. Baina inguruko jendea eta lagunak irakurtzen hasi ziren, eta paperean publikatu behar nituela esaten zidaten, eta zenbait baldintza eman ziren: lehenengoa, Bernardo Atxagari, lagunak gara eta, poemak bidali nizkion, irakurri zituen eta publikatu behar zirela esan zidan. Gero, nire lehengusuaren emazteak, Milita Molinak, irakurri zituen, eta paperean atera behar nituela esan zidan, eta gero hil zen. Hiltzean bat-batean esan nuen: publikatu behar dut. Idatzi nituenean behar bat bezala izan zen, ez nuen publikatzeko egin.
"Ez da poesia kultua edo zaila; herrikoia da, nik uste popularra dela"
Baina ikustean jendeari gustatzen zitzaizkiela eta gehienbat poesia gustatzen ez zaion jendeari gustatzen zitzaizkiola, publikatu behar nituela pentsatu nuen. Bertsoen bidez kontatutako istorioak dira. Ez da poesia kultua edo zaila; oso xumea da, lengoaia xume batekin. Herrikoia; nik uste popularra dela.
Barrutik sortutako zerbait, ezta?
Ni goizean jaikitzen nintzen eta poema osorik etortzen zitzaidan. Errimarekin eta guzti. Orain euskal mitologiaren inguruko eta tarota eramango duen liburua idazten ari naiz, eta hori bai dela eraikitzea. Informazioa bilatzea, ikertzea, irakurtzea, informazioa editatzea... Baina niretako poesia beste zerbait zen. Begiak ireki, boligrafoa hartu eta korronte bat bezala dena idazten nuen. Nireak ez balira bezala. Antenaren lana egiten nuen: nonbaitetik ekarritakoak bezala. Nireak dira, batzuk autografikoak direlako, eta nik bizi izan ditudan esperientziak dira, baina aldi berean sentsazioa daukat ez ditudala nik idatzi. Gauza arraro bat da. Atera zaizkit.
Gai desberdinak lantzen dituzu.
"Atera zitzaizkidan gehieinbat amatasunarekin eta heriotzarekin zerikusia dutenak"
Atera zitzaizkidan gehienbat amatasunarekin eta heriotzarekin zerikusia dutenak. Lehenengoa, hain zuzen, amarena izan zen; A mi madre. Naturak ere toki handia du; naturak minak zaintzen ditu. Liburua egin behar nuela erabaki nuenean, denbora asko neraman idatzi gabe, eta poesia ezin dut idatzi. Ezin naiz eseri eta poema bat idatzi. Orduan, esan nuen ea ateratzen den, eta bukaerakoak atera ziren. Nire anaiei buruz hitz egiten dut, hotelean bizi izandako esperientziak, eta poema horiek ziren hain gordinak eta basatiak liburuari izenburua aldatu niola: Versos brutos. Ez nituen berrikusi nahi. Horrela joatea nahi nuen. Nik uste horiek gehien gustatzen zaizkidanak direla. Beno, ez dakit. Baina horiek behar bat bezala sortu ziren. Gaur egungo zerbait kontatu nahi nuen ere, aurretik duela hiru urtekoak zirelako, eta berri horiek amaierakoak dira. Amaren liburuaren anekdotaren bat ere sartzen dut, eta horrekin liburua osatu nuen. Ilustrazioak greziar klasikoko motibo bat dira, aurkitu nuen, eta sartu nuen.
Eta azala? Zergatik irudi hori?
Portadarena ere oso bitxia izan zen. Interneten egun batean gauzak bilatzen ari nintzen eta XIX. mendeko pintura hau topatu nuen. Automatikoki nire burua ikusi nuen irudi horretan. Ni gaztetan nintzen. Sustoa hartu nuen, ni nintzelako. Orduan, azalean jartzea pentsatu nuen. 1877. urtekoa da, eta ez nuenez haren inguruko informazioa topatzen, lagun bati galdetu nion, eta Safo zela esan zidan (Charles Menginen Sappho margolana). Safo emakumezko poeta izan zen. Bere irudi bat zela jakitean flipatu nuen. Gainera, bularrak biluzik izatearen sinbologia , pixka bat lotsagabe izan daiteke, baina niretako poesia biluztea da. Mundu honetan biluzten zarenean oso zaila da, enkajatzen zaila delako. Dena izan da gauzak aurkitzen joan naizela; sortzen joan dira. Ez da izan nik esan dudala: poesia liburu bat idatzi behar dut. Izan da poemak sortzen joan naizela, erretratua aurkitu dudala, inguruko jendea laguntzen ari zela eta konfiantza handia nuen emakume bat hil zela, eta bere omenez egin behar nuela. Bere omenez ere berak idatzitako testu bat jarri dut, eta nire koinata Izaskun Salegiri ere eskaini diot liburua.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
"Oso txikitan hasi nintzen idazten; uste dut mundua antolatzen laguntzen zidala"
Oso txikitan hasi nintzen idazten. Uste dut mundua antolatzen laguntzen zidala. Inguruan nuena agian pixka bat kaotikoa zen, eta idazteak asko laguntzen zidan. Bederatzi urte nituenean, Izaskun Salegi, nire anaiaren emaztea, nire irakaslea zen, eta Quijoteren narrazio bat iruditu zitzaion oso ongi idatzita zegoela, eta poesia liburuak oparitzen hasi zen. Lehenengo Rabindranath Tagore izan zen eta nik izenarekin bakarrik flipatu nuen. Oso exotikoa iruditu zitzaidan. Mundu bat ireki zidan, irakurketa eta idazketarena. Asko lagundu zidan. Txikia nintzenean ere gogoratzen naiz sari bat eman zidatela errege magoekin. Gero, nerabezaroan, asko idazten nuen, egunerokoak eta nire gauzak, publikatu ez ditudanak. 16 urterekin nire poesiak Ange Urrutiari heldu zitzaizkion, Rio Arga argitalpenaren zuzendari zen, eta gustatu zitzaion eta publikatzera animatu ninduten, eta poema bat publikatu zidan. Idazten jarraitu behar nuela, publikatzen, Kazetaritza ikas behar nuela, eta dena oso argi nuela ematen zuenean, asteburu batean Arte Ederren tailer batean lagun batzuekin elkartu nintzen eta Arte Ederrak egiteko konbentzitu ninduten. Fakultate berria zen, giro ona zegoen, oso ongi basa behar nuen... Bizitza osoan ikasten pentsatuz Kazetaritza ikasi behar nuela, eta asteburu batean dena aldatu zen.
Nolabaiteko zerikusia badute, ezta?
Bai, eta gidoiak ere idatzi ditut. Zinemarekin itsutu nintzen. Nik uste zinemak bahitu ninduela. Altsasuko lagun batekin, Arri, Bilbora bizitzera joan nintzen. Alex de la Iglesiaren dekoradorea zen, elkarrekin bizi ziren, eta denak eraikin berdineko bi pisuetan bizi ginen, eta beraiekin zinemaren munduan hasi nintzen; Acción mutante eta abar egin genituen. Bazirudien zirkua herrira iristen dela eta herriko neskatoa zirkuarekin joaten dela? Antzeko zerbait. Argazkilaritza ere egin nuen; Matias argazkilariarekin ikasi nuen, eta nire lehenengo lana Altsasuko Lanbide Heziketako institutuan argazkilaritza klaseak ematen izan zen. Literatura eta argazkilaritzak nolabait zinemara eraman ninduten. Arte Ederrak ikasten nengoen bitartean Kazetaritza fakultatera joaten nintzen Gurrea eta Zunzunegiren kaseetara entzule bezala. Betidanik izan dudalako hori barruan. Baina zinemaren munduan sartu nintzen, gero Selvas Magicas eta kamiseten diseinua egin nuen... Beste toki batzuetatik joan nintzen, eta poesiarekin ahaztu nintzen, duela bost urtera arte ateratzen hasi zela. Bestetik, Sakanako turismo elkarteak argitaratutako publikazio baterako testuak idatzi nituen ere, asko gustatu zitzaidan, eta oso gustura egin nuen. Sakanako turismo webgunean dago. Baina nirearekin jarraitu nuen, eta egun batean oso bitxia izan zen lotan nengoelako eta ezkilak entzun nituen: zazpi izan ziren. Dilin-dalan, dilin-dalan... eta bat-batean buruan sortu zen: Entran siete campanas a golpes por la ventana, mi esqueleto se prepara para otra jornada. Poema oso atera zitzaidan, errimarekin.
Kasu horietan zer egiten duzu, jaiki eta idatzi?
Bai, momentuan idazten dut. Ohe ondoan papera eta boligrafo bat ditut. Gainean bati libreta bat eramaten dut gauzak apuntatzeko. Aurreko egunean Mikologia jardunaldietan onddoen inguruko hitzaldi batean hizlariak esan zuen: Onddoak ehiztariak dira. Esaldia segituan idatzi nuen. Agian ez dut erabiliko, baina badaezpada apuntatzen dut. Uste dut jende askori gertatzen zaiola, ideia batekin oheratu eta goizean emaitzarekin ematea. Behin entzun nuen: Poesia kaletik loteria aurkitzea da, eta nobela bankuetxe baten lapurreta antolatzea. Niretako horrela da. Idazten ari naizen liburua oso egituratuta dago, testuen bilketa bat da, ideiak... Dena oso antolatuta dago; oso arrazionala da. Poesia guztiz kontrakoa da. Badago kontrakoa gertatzen zaion jendea, profesionalak, poesia idaztera esertzen dira. Ni ez.
Zertan nabarmentzen da zure poesia?
Gustatzen zaidana da poesia gustatzen ez zaion jendeari gustatzen zaiola. Bernardo Atxagak irakurri zuenean hunkitu zen eta Zenda aldizkari digitala egiten duen lagun bati bidali zizkion. Aldizkari horretan liburuen berri ematen dute, baita poesia idazten duen jende ezagunaren poemak ere publikatzen dituzte ere, eta hor nago ni! (Bost poema argitaratu dituzte). Lagun batek esan zidan gustatzen zitzaizkiola ez dutelako molestatzen. Poesiak batzuetan esfortzu bat eskatzen du, eta agian ez zaizu interesatzen toki batzuetan sartzea. Atxagak ere esan zuen ez naizela lengoaiaren tranpan sartzen; oso potenteak, zuzenak eta gogorrak dira. Oso esperientzia gogorrak dira, zehaztasun handiarekin kontatuta.
