Astekaria

"Oso ongi prestatu gara; argudioak oso onak ziren"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urr. 29a, 13:00

Ordenean: Eunate, Eki, Unai Uhalde parlamentuko presidentea, Mattin, Laida eta Jon. NAF. PARLAMENTUA

NUPek antolatutako Eztabaida Lehiaketan parte hartu eta irabazi zuten Eki Errazkin, Laida Garciandia, Mattin Goñi, Eunate Liaño eta Jon Mariñelarena Altsasu BHIko batxilergoko 2. mailako ikasleek. 

Uxua Azpiroz eta Arkaitz Razkin irakasleak lagunduta parte hartu dute lehiaketan. 

1. Nola sortu zen lehiaketan parte hartzeko aukera? 
Aurreko ikasturtean, klasean, eztabaida lehiaketa txiki bat egin genuen, eta Uxoak, irakasleak, eztabaida lehiaketan parte hartzea ilusioa egingo zigula eta prest egongo ginela ikusi zuen. 

2. Zer behar da ongi eztabaidatzeko?
Lotsa ez izatea, hitz egiteko trebetasuna, inprobisatzeko gaitasuna, eta beste pertsona bat hitz egiten ari denean ez moztea. Ikasi eta idatz dezakezu, baina hori komunikatzen jakin behar duzu. 

3. Nola prestatu zarete? 
Nahikotxo prestatu gara. Duela aste batzuk hasi ginen atsedenaldietan gelditzen. Hasieran argudioak banatu genituen eta zer zegoen egiteko ikusi genuen. Bakoitzak argudio bat hartu genuen eta prestatzen hasi ginen. Ebidentzia fidagarri bat behar duzu eta hori ondo garatu. Bakoitza gurea egiten joan ginen, eta bukaeran zer zati hitz egingo zuen bakoitzak banatu genuen, eta norberak bere testua garatu zuen eta gure artean gomendioak ematen genizkion elkarri. Lauk hitz egin behar zuten: sarrera, bi errefutazio eta ondorioa. Bost joan ginen gure taldean, galderak egiteko, besteen argudioak entzuteko... 

4. Erresidentzia batean egon zineten ere, ezta? 
Duela bi aste hara joan ginen asteburu batean prestakuntza egitera. Esperientzia elegantea izan zen, eta aprobetxatu genuen. Gure irakasleek prestutasun handia izan dute eta arauak eta abar lehenagotik ezagutzen genituen. Suposatzen dugu gaztelaniazko formakuntza profesionalagoa-edo izan zela; talde gutxi ginen. 

5. Nola joan zen lehiaketa? 
Ongi. Debate guztiak irabazi genituen. Euskarazko lehiaketan lau taldek parte hartu genuen. Lehenengo fasean denak denen kontra egin genuen eta sailkapena osatu zen, eta finalera Iturramaren kontra pasa ginen. Finalean nolabaiteko abantaila da badakizula beste taldea nolakoa den. Finalera oso pozik pasa ginen; parlamentuan hitz egin behar genuen.

6. Nola izan zen parlamentuan hitz egitea? 
Unibertsitatean gela txiki batean izan zen, eta gaztelaniazkoak antzoki batean zirudien gela batean. Parlamentuan ilusio handia eman zigun. Zenbat aldiz egon behar zara parlamentuan hizketan? Urduritasuna ere nabaritu zen. 

7. Bozkatzeko adina 16 urtera jaistea; alde edo kontra?
Berez ez genuen gure iritzia eman behar. Aldekoak eta kontrakoak prestatu genituen eta momentuan zozketaren bidez alde edo kontra egin behar genuen esaten ziguten, eta horren arabera defendatu. Alde, bi kontra, eta finalean alde egin genuen. 

8. Zertan nabarmendu zarete? 
Prestakuntza. Orden bat jarraitzen genuen, ondo antolatuta geunden, eta talde kohesioa zegoen. Argudioak oso onak ziren, ia eztabaidaezinak. Horrela beste segurtasun batekin ateratzen zara. 

9. Laida Garziandia euskarazko hizlari onena. 
Ahalik eta hobekien egiten eta adierazten saiatzen zara, bai ahotsarekin bai keinuen bidez. Urduri nengoen, baina ez hainbeste. Denek hitz egin genuen oso ongi, edozeinentzako izan zitekeen saria. 

10. Zer ikasi duzue? 
Hobeki komunikatzen, urduritasunari eusten... Horrelako eszenario batean hitz egin ahal izateak laguntzen du beste eszenario txikiagoetan hobe azaltzen. Oso ongi prestatu genituen argudioak. 

11. Parte hartzea gomendatzen duzue? 
Guztiz. Gainera, erresidentzia antolatzen badute... Guk ez genuen elkar hainbeste ezagutzen, eta asko elkartu gara. Beste taldeekin ere harremandu gara. Irakasleek lan bikaina egin dute, oso ongi prestatu gaituzte eta, azkenean, ikusi da. Horrelako ekintzak euskaraz ere egin daitezke. Hamasei edizioetatik euskaraz bigarren urtea izan da, eta lau talde joan gara. Hirurekin ez zen aterako. Euskarazkoak ere sustatu behar dira.